Edukira joan

Snooker

Wikipedia, Entziklopedia askea


Snooker edo Snookerra (artikuluarekin esanez gero, euskaraz) billar joko eta kirol bat da, 19. mendean asmatu zena, eta 20. mendearen amaieran nazioarteko kirol profesional nahiko hedatua bilakatu dena.

Arauak

Snooker bolen kokapena partida hasi aurretik, zuria semizirkuluaren edozein puntutan jar dezake hasiko den jokalariak, baina derrigor gorri bat jotzen hasi behar du.

Sei zulo dituen mahai handi batean (6,7 x 4,9 metro, neurriz) jokatzen da Snookerra.

15 bola gorri daude, eta kolorezko 6, gehi tiro egiteko bola zuria (cue delakoa, jokalariek makilarekin jaurtitzen duten bakarra). Takadak (break direlakoak, zulora doazen tiro onak erreskadan egiten dituzunean) hasten dira beti bola gorriarekin, eta txandaka, gorri eta kolorezkoak sartzen joan behar duzu. Gorria zuloa jausiz gero, ez da berriz irteten; kolorezkoak bai, bakoitza bere posizio zehatzera itzultzen da (puntu hori okupatua badago, arau bitxiak aplikatzen dira). Gorria zuloratzeak puntu bat ematen du, kolorezkoak puntuaketa desberdina daukate: horiak 2, berdeak 3, marroiak 4, urdinak 5, arrosak 6 eta beltzak 7.

Bola Balioa
Gorria Puntu 1
Horia 2 Puntu
Berdea 3 Puntu
Marroia 4 Puntu
Urdina 5 Puntu
Arrosa 6 Puntu
Beltza 7 Puntu

Gorria sartu ondoren, kolorekoa sartzeko orduan edozein kolore sar daiteke, baina "izendatu" beharra dago. Hau da, urdina izendatu ondoren, urdina ukitu egin behar da gutxienez (eta sartzen saiatu, break-ean jarraitzekotan). Hortaz, jokalariak abisatu egin behar du zein bola duen helburu. Hala ere, normalean "izendatzea" ez da praktikan gertatzen: makilarekin norabide jakin batean apuntatzen du jokalariak, eta norabide horretan bola bat egon ohi da ukitzeko moduan. Zalantza balego norabidean bola bat baino gehiago ageri direlako elkarrengandik gertu, jokalariak bai "izendatuko" du bat ahots ozenez, edo epaileak hori eskatutakoan izendatuko du bestela.

Gorri guztiak sartuta daudenean, kolorezkoak ordena zehatz batean zuloratu behar dira, oraingoan berriz kanpora irten barik (horitik beltzera, puntu gutxienekotik handienera).

Falta eta hutsak

Tiro bakoitzean, tokatzen den bola (dela gorria edo kolore jakin batekoa), derrigor ukitu beharra dago. Beste bola bat ukituz gero, edo batere bolarik ukitu gabe utzita, falta eta hutsa da (fault eta miss). Helburu den bola ukitu ondoren ere egin daiteke faltarik: hau da, gorria tokatzen zaizu ukitzea, eta ukitzen duzu, baina karanbola baten ondorioz gorria zuloratu beharrean, kolorezko bat zuloratzen duzu. Edo helburu-bola ukituta ere, zuria zulora sartzen zaizu. Kasu hauetan, ez da miss edo hutsa, baina bai falta.

Falta egiteak, puntuak ematen dizkio kontrarioari. Lau puntuko falta da gutxienekoa, baina egindako faltan bola urdina, arrosa edo beltza badaude inplikatuta, orduan bola horien balio handiagoa gehitzen da puntu gisa kontrarioaren markagailura (bost, sei edo zazpi puntu alegia). Egindako faltan urdina inplikatuta egoteak ez du esan nahi hura ukitu duzunik nolabait: izan liteke urdina ukitzea tokatzen zaizula, eta batere bolarik ez duzula ukitzen. Kasu horretan ere, urdina inplikatua dagoela kontsideratzen da, eta falta 5 puntukoa da. Falta batean bi bola badaude inplikatuta, ez dira faltaren puntu-kopuruak batzen, baina bai aplikatzen da puntu gehieneko bolaren kopurua: horia (4 puntu falta egitekotan), eta urdina (bost puntu falta egitekotan), biak badaude inplikatuta faltan (biak zuloratu dituzulako, adibidez), urdinaren 5 puntuak gehitzen dira kontrarioaren markagailura.

Historia

Britainiar Armadako ofizialek asmatu zuten jokoa 19. mendean, Inperioaren zerbitzura zeudela Indian. Black Pool jokoaren adar gisa garatu zuten, 15 bola gorrirekin eta koloreko beste batzuk gehituta. XX. mende hasieran, Erresuma Batura esportatu zuten, eta, ondotik, kirol berriaren araudia ofizialki ezarri zen. Munduko Txapelketaren lehen edizioa 1927an ospatu zen. Bigarren Mundu Gerra zela eta, 1941etik 1945era ez zen lehiaketarik egin; ezta 1958tik 1963ra ere, behera egin baitzuen kirolaren gaineko interesak[1].

20. mendeko parterik handienean Erresuma Batuko joko berezi samar bat izan zen, praktikan, snookerra; akaso, Commonwealth komunitateko herrialdeetan izan zezakeen ezagupena, baina ez handik kanpora.

1977tik, aldiz, urtero ospatu da, Sheffield-en (Erresuma Batua).

Aro modernoa

Snookerraren historian eta bilakaera nagusia 1969. urtean gertatu zen, non eta BBC kateak erabaki zuen bere telebistaren kolorezko emisio berrietan, joko honen emisioak arreta deitu zezakeen. Ordura arteko telebista zuri-beltzean zen, baina snookerrean, bola desberdinekin jokatzean, hain funtsezkoa da kolorea non apropos aukeratu zuten jokoa, sustapenerako. David Attenborough kazetaria enkargatu zen Pot Black programaren bidez snookerrari ospea ematen.[2][3]

BBCren emanaldiek arrakasta izatearekin batera, jokalari profesionalen jarduna ere bizitu zen: lehiaketa gehiago, jolakari lehiakorragoak, eta 1977. urtetik aurrera, urtero Sheffield hirian jokatzen den Munduko Txapelketa. BBCk jada 1978ko Munduko Txapelketa osorik erretransmititu zuen, eta nazioarteko arrakasta Irlandara eta Commonwealth-eko herrialdeetara hedatu zen.

1985. urtean, 18.5 milioi ikuslek ikusi zuten BBCn Dennis Taylor eta Steve Davis jokalarien arteko finalaren amaiera, audientziazko arraksata ikaragarri bat.[4]

1990. hamarkadaren bigarren erditik aurrera, jokoa Asian eta Europa kontinentalean hedatzen hasi zen. Asian, bereziki jokalari on batzuk agertu zirelako 21. mendearen hasieran (batez ere Ding Junhui txinatarra), eta Europan Eurosport kateak bere errentransmisioetan sartu duelako.

Barry Hearnen garaia

2010. urtean, Barry Hearn enpresariak snooker profesionala kontrolatzen duen konpainian (World Snooker Ltd.) gehiengozko akzio-kontrola erdietsi zuen, eta bultzada handia eman dio jokoari: babesle berriak azaldu dira, Eurosport eta beste telebista batzuen bidez asko zabaldu dira erretransmisioak, tabakoaren publizitatearen debekuarekin galdu ziren babesleak apostu-etxeen publizitatearekin ordezkatu dira, eta jokoak are zabalkunde handiagoa lortu du munduan.

Era berean, hedatu egin da txapelketa profesionalen kopurua, baita sarien dirua ere, eta maila handiko profesionalen agerpena ere etengabea izan da: 147 puntuko jokaldi perfektuak urterik urte handituz doaz (kalitatearen seinale). Dena den, jokoaren dominatzaile nagusiak 2018. urtearen inguruan ere, 1990eko hamarkadan profesionalak izaten hasi ziren jokalari beteranoak dira neurri handi baten: Ronnie O'Sullivan, John Higgins eta Marc Williams (2018ko Munduko Txapelduna), hiruak profesional gisa 1992an hasi ziren jokalariak dira.

Hedatua Txantiloi:Cuegloss, zein erabili ahal izango da, Txantiloi:Cuegloss baino gehiago pilotak zeharkatu jaurtiketa hori oso urrun egon, zubi eskuz


Erreferentziak

  1. Manias, Miren. «Kirolik ez zuzenekorik gabe» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-05-09).
  2. "Pot Black returns" Artxibatua 17 azaroa 2006 hemen: Wayback Machine, BBC Sport, 27 October 2005. Retrieved 24 February 2007
  3. Porter, H. "Cue China" Artxibatua 7 urria 2009 hemen: WebCite, Time, 20 June 2008, (Retrieved 23 June 2008)
  4. "1985: the black ball final" Artxibatua 24 iraila 2003 hemen: Wayback Machine BBC sport