Azido nitriko
Azido nitriko azido sendoa da, kaustikoa, eta energia handiko oxidatzailea (HNO3). Egoera garbian, likido koloregabea da. Uretan urtzen da, eta hainbat kontzentraziotan saltzen da merkatuan. 78 °C-an irakiten du. Argitan jartzean, likidoari kolore horixka ematen dion nitrogeno dioxidoa askatzen du; hortik datorkio batzuetan izaten duen kolorea.
Lehenago, azido sulfurikoa eta sodio nitratoa erreakzionaraziz lortzen zen: 2 NaNO3 + H2SO4 → Na2SO4 + 2 HNO3. Gaur egun, amoniakoaren oxidazio katalitikoaren bidez lortzen da, platinozko katalizatzaileak erabiliz. Ia metal denei erasotzen die. Argitan, lurrun arriskutsuak askatzen ditu, konposatu organikoak ukitzen baditu su hartzeko arriskua dago, eta giza gorputzeko azala eta muki-mintzak erretzen ditu. Ongarriak, plastikoak, koloregaiak, lehergaiak, sintesi-konposatu organikoak eta beste zenbait konposatu lortzeko ekoizteko erabiltzen da; metalurgian, mineralen flotazioan, eta erregai nuklearrak berriro prozesatzeko ere erabiltzen da.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.