Edukira joan

Albiste faltsu

Bideo honek Ikusgela proiektuko bideo bat barneratzen du
Wikipedia, Entziklopedia askea
Demonocrazy (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 16:47, 18 abendua 2024
(ezb.) ←Bertsio zaharragoa | Oraingo berrikuspena ikusi (ezb.) | Bertsio berriagoa→ (ezb.)
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Fake news-en gaineko bideoa.

Albiste faltsua, berri faltsua, gezurrezko albistea edo gezurrezko berria, —maiz ingelesez: fake news, bere horretan mailegatua—, desinformatzeko helburuarekin hedabideen edota sare sozialen bidez nahita zabaltzen den gezurrari deritzo. Kontrastatu gabeko berria da, funtsean,[1] amen-omen mota bat da.

Sare sozialen aro digitalean fake news izendapena zabaldu den arren, ez da berez zerbait berria, lehenago existitzen baitzen, baina orain albiste mota jakin bat adierazteko kategoria estuagoa sortu da. Hauteskunde kanpainan, nabarmen agertu ohi dira albiste faltsuak.[2]

Kontzeptuaren oinarriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Frederick Burr Opperek 1894an eginiko ilustrazio honetan "albiste faltsuen" hainbat forma erakusten dira.

Era honetako informazioak, zurrumurru formaz, lehenago existitu izan dira ahoz aho era simetrikoan transmititzean eta zabaltzean. Haatik, azken hamarkadetan, aurrez aurreko elementuaz gain, Interneteko sare sozialek bete dute transmisio hori, hala nola Youtube, Facebook edo Instagram. 2017an, fake news urteko hitzat hartu zuen Collins hiztegiak eta, harrezkero, zabaldu egin da.[1]

Albiste faltsuak ez dira ezerezetik sortzen; aldiz, gizarteko aurreikuspen edo estereotipoetan oinarritzen dira, alegia, entzun eta ikustea espero den horretan.[1] Albiste faltsuen indarraz, Fito Rodriguez hezkuntzako irakasle eta doktorea albiste faltsuen pigmalion efektuaz mintzatu da: izendapen edo etiketa baten bidez, gero gertatuko dena bideratzeko gaitasuna.[3]

Gezurtiek hainbat trikimailu erabiltzen dituzte gezurrezko albiste batek egiazkoa irudi dezan. Adibidez, esanak desitxuratu edo testuingurutik kanpo jartzea, informatzaile egiatien izen onaz baliatzea, eta abar.[4] Gezurtiak jakintsuak edo adituak izaten dira, Aristotelesek Poetika idazlanean adierazi zuenez: haiek dakite engainatzen. Aristotelesek gizabanakoen baitan jartzen du gezurra kudeatzeko erantzukizuna, alegia, bereizten jakitea, biziraupenerako bitarteko gisa.[3]

Albiste faltsuen adibide gordina dira, esaterako, Madrilgo 2004ko martxoaren 11ko atentatuak. Hauteskundeen atarian, Espainiako Gobernuko agintariak tematu ziren informazio eta zantzu guztien kontra ETA horien egile zela nabarmentzen. Gertaeren larriak areagotu egin zuen agintari horien baieztapenetan atzera egitea; izan ere, Eusko Jaurlaritzak eta NBEk ontzat eman zuten Espainiar Gobernuaren tesia, gezur borobila izanik ere.[3] Albiste faltsu horren arazoetako bat, hain zuzen, ez zen izan hainbeste gero ETA ez zela esatea nola sinesgarri egitea ETA izan zitekeela.[3]

Berrikiago, 2022ko apirilean El Español hedabideak zabaldu zuen Espainiako Osasun Ministerioak ardoa eta garagardoa debekatzekoa zela tabernetako menuetan, berehala gezurtatu zen albiste faltsua; hala izanik ere, Madrilgo Autonomia Erkidegoko presidente Isabel Ayusok egiazkotzat jo zuen albiste hori.[5][6] 2023ko uztaileko Espainiako hauteskunde-kanpainan, ezagun egin zen Alberto Nuñez Feijoo politikariaren baieztapen faltsu bat. Silvia Intxaurrondo kazetariak aurpegiratu zion Espainiako pentsioari buruzko datu bat ez zela egiazkoa; kazetaria zuzen egonagatik, PPko hautagai hura kazetariari oldartu zitzaion. Geroago, berriz, politikariak esan zuen ez zela erabat «zehatza» izan.[7]

Nola antzeman?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liburutegi akademikoko gida baten arabera, albiste faltsuen zenbait propietate edo jarduera zehatzek horiek identifikatzen eta haien eragina saihesten lagun dezakete. Horien artean daude: clickbait, propaganda, satira/parodia, kazetaritza arduragabea, Burutze engainagarriak, manipulazioa, zurrumurruen fabrika, Informazio okerra, hedabideen aurreiritzia, entzunaldiaren aurreikuspena eta Eduki-haztegiak.

Liburutegien Elkarteen eta Erakundeen Nazioarteko Federazioak (LEENF) diagrama gisako laburpen bat argitaratu zuen , pertsonei albiste faltsuak ezagutzen laguntzeko. Hauek dira bere puntu nagusiak:[8]

  • Kontuan hartu iturria (bere misioa eta helburua ulertzeko)
  • Titularraz harago irakurtzea (historia guztia ulertzeko)
  • Egiaztatu egileak (benetakoak eta sinesgarriak diren ikusteko)
  • Babes-iturriak ebaluatzea (baieztapenak babesten dituztela ziurtatzeko)
  • Egiaztatu argitalpen-data (historia garrantzitsua den eta eguneratuta dagoen ikusteko)
  • Galdetu txantxa bat den (satira bat izateko asmoa duzun zehazteko)
  • Berrikusi zure aurreiritziak (ea zure iritziari eragiten dioten)
  • Galdetu adituei (ezagutzak dituzten pertsona independenteen berrespena lortzeko).

2015ean abiarazitako Datuak Egiaztatzeko Nazioarteko Sareak (DENS) nazioarteko lankidetzaren ahaleginak babesten ditu gertakariak egiaztatzeko, gaikuntza ematen du eta printzipioen kode bat argitaratu du. 2017an, kazetaritza-erakundeentzako eskaera- eta hautaketa-prozesu bat sartu zuen. IFCNren sinatzaile egiaztatu batek, The Conversation hedabide independente eta irabazi-asmorik gabekoen aldizkariak, gertaerak egiaztatzeko prozesua azaltzen duen animazio labur bat sortu zuen, eta horrek berekin dakar "kontrol eta oreka gehigarriak, bigarren aditu akademiko batek binakako berrikuspen itsua, zenbaketa gehigarri bat eta argitalpen-gainbegiratzea".

2017tik aurrera, Taiwango haurrak ikasketa-plan berri bat aztertzen ari dira, propagandaren irakurketa kritikoa eta iturrien ebaluazioa irakasteko. "Alfabetizazio mediatikoa" izeneko ikastaroak kazetaritzako prestakuntza eskaintzen du informazioaren gizarte berrian.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c Rodriguez, Fito. (2019). "Fake News"-ak ez dira atzo goizekoak. Utriusque Vasconiae, 7-12 or. ISBN 978-84-948833-3-0..
  2. Hermosilla, Gotzon. (2023-07-22). «Gezurrak ez ditu hain hanka motzak» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-07-22).
  3. a b c d Rodriguez, Fito. (2019). "Fake News"-ak ez dira atzo goizekoak. Utriusque Vasconiae, 13-46 or. ISBN 978-84-948833-3-0..
  4. «Gezurra da sagardo garaia bertan behera geratu dela: Berriaren diseinua baliatuta, sagardo garaiaren inguruko gezurretako irudi bat zabaldu da sare sozialen bidez. Berriak ez du harekin zerikusirik» Berria 2020ko martxoaren 10a (Noiz kontsultatua: 2020ko martxoaren 11).
  5. (Gaztelaniaz) «Sanidad niega que se vaya a prohibir el vino y las cervezas en los menús» Newtral 2022-04-28 (Noiz kontsultatua: 2022-04-28).
  6. (Gaztelaniaz) «Hugo Silva responde con tres palabras a Ayuso y la polémica del vino» El Plural 2022-04-28 (Noiz kontsultatua: 2022-04-28).
  7. Hermosilla, Gotzon. (2023-07-22). «Gezurrak ez ditu hain hanka motzak» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-07-22).
  8. (Ingelesez) How to spot fake news?. International Federation of Library Associations and Institutions (IFLA).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]