Zulu
Zuluak[3] (zulueraz: amaZulu) bost milioi kideko talde etniko afrikar bat dira, Hegoafrikako KwaZulu-Natal probintzian bizi dira gehienbat. Zuluera euren hizkuntza bantutik eratorria da eta nguni azpitaldeko da.
Zuluak | |
---|---|
Zulu gudariak XIX. mendeko amaieran. | |
Biztanleak guztira | |
~ 12.090.000[1] | |
Biztanleria nabarmena duten eskualdeak | |
Hegoafrika: 10.659.309-11.449.000[1][2] Lesotho: 316.000[1] Zimbabwe: 149.000[1] Swazilandia: 104.000[1] Malawi: 62.000[1] Botswana: 5.200[1] Mozambike: 3.800[1] | |
Hizkuntza | |
Zuluera | |
Erlijioa | |
Animismo, kristautasun | |
Zerikusia duten beste giza taldeak | |
Bantu herriak |
Zulu erreinuak paper garrantzitsua jokatu zuen XIX. mendeko Hegoafrikako historian. Apartheideko erregimenpean herri hori bigarren mailako hiritar gisan sailkatua eta diskriminatua izan zen. Gaur egun, herrialdeko talde etnikorik handiena da eta eskubide berdintasuna dute. Gehienbat kristauak dira.
Nguni taldea XV. menderako finkaturik zegoen Afrikako hegoaldean. XVII. mendean zuluak klan gisa bereizirik agertzen dira, ngunien barneko beste hainbat talderen antzera. Klana gizarte antolaketaren oinarri zen; zenbait familia biltzen zuen, zein bere lur eta azienda propioekin, adineko gizonezko baten agindupean. Bizimodu tradizionalean, nekazari ibiltariak ziren —artatxikia biltzen zuten batik bat— eta behi talde handiak gobernatzen zituzten. XIX. mendearen hasieran, Dingiswayorekin (1801-1818) eta batez ere Xakaren buruzagitzapean (1816-1828), geroko Natal osoa hartu zuen inperioa osatu zuten zuluek. Hala, Xaka-k eguneroko bizitza militarizatu zuen, 50.000 gudariz osatutako gudaroste batekin inguruko lurraldeak mendean hartu zituen eta aginpide egitura tradizionalak hautsi zituen. 1824tik aurrera, kolono europarrekin harremanetan sartu ziren.
1877an britainiarrek Transvaal beretu zuten eta horren ondorioz gerra piztu zen 1879an. Britainiarrak nagusiturik, Zululandia berregituratu zuten eta zuluek kolonizatuen artean ohikoa den akulturazio prozesuan murgildu ziren. 1906-1910 bitartean Dinuzulu buruzagi zuluak britainiarren aurkako azken erresistentzia saioa egin zuen. Handik hara, zapalkuntza larria jasan zuten zuluek, batez ere Hegoafrikak arrazakeria politika areagotu zuenean, 1950-1970 urte bitartean. 1971n, Hegoafrikako gobernu zuriak bantustanak sortzeko politikari ekin zion eta Kwazuluko bantustana sortu zuen zuluentzat. Egun, zuluen lurraldea pobrea da eta jende gehiegi biltzen du; hala bada, nekazaritzan eta abeltzaintzan jarduteaz gain, gizonezko askok Hegoafrikako industria eta hiri lurraldeetara alde egin behar izan du. Sharpevilleko matxinadan (1960) eta Sowetokoan (1977), esaterako. Hegoafrikako politikan, zuluak bi alderditan bereizirik agertu ziren: alde batetik ANC delakoa, arraza anitzez osatua, apartheiden kontrako borroka zuzendu duena, Hegoafrika batuaren aldekoa eta, bestetik, Inkatha mugimendua —1978an Gotsha Buthelezik sortua—, zuluek soilki osatua, erregimen zuriarekin batera ANCren aurka borrokatu zena eta Zululandia aske baten aldekoa.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ a b c d e f g h The Zulu people group are reported in 7 countries. .
- ↑ International Marketing Council of South Africa. (2003-7-9). South Africa grows to 44.8 million. southafrica.info.
- ↑ Euskaltzaindia. (PDF) 90. arauaː Munduko herriak eta etniak. .