Urki
Urkia hosto fin erorkorreko eta egur gogorreko Betula (/ˈbɛtjʊlə/)[1] generoko zuhaitz-espezieak dira. Generoa Betulaceae familiaren barnean dago, haltzekin, hurritzekin eta pago-lizarrekin batera. Duela gutxi arte familia bananduta zegoen, Betulaceae (Betula eta Alnus generoekin) eta Corylaceae (gainerakoekin) familietan, baina angiospermoetan egindako azterketa filogenetikoen ondorioz familia berean daudela ondorioztatu zen.
Urki | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Plantae |
Ordena | Fagales |
Familia | Betulaceae |
Subfamilia | Betuloideae |
Generoa | Betula |
Espezieak | |
70 espezie inguru
| |
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Gizakiak ateratzen dizkion produktuak | birch sap (en) , Urki-zura, birch seed (en) , birch oil (en) , Baltic birch (en) , urki-azal eta birch triterpenes (en) |
Urkiaren generoak 60 espezie inguru biltzen ditu, eta horietatik 11 UICNren ("Unión Internacional para la Conservación de la Naturaleza") mehatxatutako espezieen zerrenda gorrian agertzen dira. Urki-espezieak bizitza laburreko zuhaitzak dira, oso zabalduta daude Ipar Hemisferioan batez ere klima epela duten eskualdeetan eta klima borealetakoetan. Gainera, gune hauetan espezie aitzindariak izan ohi dira, hau da, lurralde bat kolonizatzean lehenengo espezieak dira.
Deskribapena
aldatuMorfologia
aldatuUrkien enborraren azalak kolore zurixka hartzen du, batez ere gazteak diren urkietan; hala ere, heltzen doazen heinean arrakalatzen eta belzten joaten dira. Enborretik ateratzen diren adarrak amaieraraino horizontalki kokatzen dira (Betula pubescens) edo adarrak hazten amaitzen direnean forma zintzilikarian amaitzen dira puntan (Betula pendula). Urki-espezieen hosto gehienak antzeko morfologia dute, txandakatuta agertzen dira, hots, adabegi bakoitzetik hosto bakar bat ateratzen da, zerra-itxura hartzen dute hostoen puntetan eta erronbo-formakoak izan ohi dira. Loreak, edo ugal egitura sexual ar eta emeak, gerba deituriko infloreszentzia zintzilikari eta malgu moduan kokatzen dira[2][3].
Lorea eta fruitua
aldatuUrkiak monoikoak dira, lore unisexual ar eta emeak garatzen dituztelarik ale berean. Gainera, monoikoak izanik diklinoak dira, ondorioz, bi sexuetako ugal egiturak izateaz gain, sexu bakoitzeko ugal egiturak bereiztuta agertzen dira kontrako sexuko egiturengandik. Urkiaren loreak gerbatan antolatzen dira. Gerbak, zilindro-formakoak, matsalko-erako infloreszentzia zintzilikariak dira, gehienetan lore txiki apetaloez hornituak, eta izatekotan oso petalo txikiak dira, beraz, gehienetan petalo gabekoak dira[4][5][5][6][7][8]. Polenaren bidez egiten dute ugalketa sexuala urkiek, hau da, gerba arrek ekoitzitako granulu mikroskopikoen bidez (mikrogametofito haploideak daramatzatenak hauts forman). Polinizazioa airearen bidez burutzen dute urkiek, hots, anemofiloak dira eta polena lore emeen estigmaraino iristen da. Gerbak ugal egitura oso garrantzitsuak dira, zuhaitz familiak desberdintzeko ezaugarri identifikatzaile bezala erabiltzen direlako, batez ere Hamamelidae subklasean Betulaceae (urkiak), Fagaceae (pago eta haritz eta gaztainondoak), Moraceae eta Salicaceae (sahatsak) familietan.
Sailkapena
aldatuBegira: urkien sailkapena ere
Ipar Amerikako urkien artean hurrengoak daude:
· Betula allegheniensis - Urki horia (B. lutea)
· Betula cordifolia - Mendietako paper urkia
· Betula glandulosa - Urki nano amerikarra
· Betula lenta - azukredun urkia, gerezi urkia, edo urki beltza
· Betula michauxii - Ternuako urki nanoa
· Betula nana - Urki nanoa edo zingira urkia (Europa eta Asian ere badagoena)
· Betula neoalaskana - Alaskako urkia edo Yukongo urkia
· Betula nigra - Ibai urkia edo urki beltza
· Betula occidentalis - Ur urkia edo urki gorria (B. fontinalis)
· Betula papyrifera - Paper-urkia, kanoa urkia edo urki zuri amerikarra
· Betula populifolia - Urki grisa
· Betula pumila - Aintzira urkia
Europa eta Asiako urkien artean hurrengoak daude
· Betula albosinensis - Urki gorri txinatarra
· Betula albosinensis bar. septentrionalis - Ipar Txinako urki gorria
· Betula alnoides - Haltz orridun urkia
· Betula austrosinensis - Hego Txinako urkia
· Betula chinensis - Txinako urki nanoa
· Betula ermanii - Erman-en urkia
· Betula grossa - Gerezi urki japoniarra
· Betula jacquemontii (Betula utilis azpiesp. jacquemontii) - Azal zuridun urki himalaiarra
· Betula mandschurica - Urki mantxuriarra
· Betula mandschurica bar. japonica - Urki japoniarra
· Betula maximowiczii - Urki erregea
· Betula medwediewii - Urki kaukasiarra
· Betula nana - Urki nanoa (Ipar Amerikan ere badagoena)
· Betula pendula - Urki zilarkara
· Betula platyphylla (Betula pendula bar. platyphylla) - Urki zilarkara siberiarra
· Betula pubescens - Urki zuria, urki zuri europarra edo urki ileduna (Ipar Asian ere badagoena)
· Betula pubescens azpiesp. tortuosa - Artikoko urki zuria (Eurasia azpiartikoa, Groenlandia)
· Betula szechuanica (Betula pendula bar. szechuanica) - Sitxuango urkia
· Betula utilis - Urki himalaiarra
Oharra: testu amerikar askok ez dute bereizten B. pendula eta B. pubescens espezieak, kromosoma-kopuru ezberdinak dituzten espeziak badira ere.
Banaketa eta habitat naturala
aldatuUrkiak oso ondo sakabanatuta daude ia Amerika, Europa eta Asia osoan, ipar latitudeetan agertzen diren zuhaitz espezieak osatzen dute Betula generoa, hau da ia ipar hemisferio osoan agertzen dira urki espezieak, batez ere klima epeleko eta klima borealeko eskualdeetan. Honen adibide Iledun urkia (Betula pubescens) da, Islandiak dituen espezie autoktono gutxienetako bat izanik[9][10].
Ugalketa eta hazien ernetzearen ekologia
aldatuUrkiak gerba emeetan garatzen ditu hazi hegaldunak. Hazi hauen ernetzea edo germinazioa ez da edozein momentutan ematen, fotoperiodoaren, hau da, landare jakin batek egun jakin batean jasotzen dituen eguzki-argi orduen, eta tenperaturaren elkarrekintzaren menpe dago. Elkarrekintzak ekiditen du edozein momentutan ematea ernetzea: tenperatura epela egiten duen egunetan, tenperatura 15 °Ctik gorakoa den egunetan, fotoperiodoak garrantzia hartzen du, hots, nahiko eguzki ordu jaso baldin baditu landareak ernetzeari ekingo dio, baina hala ez bada eta egunak motzak badira, germinazioa ekidingo da. Hala ere, tenperatura beroagoa egiten duen egunetan, tenperatura 20 °Ctik gorakoa den egunetan, fotoperiodoak eragina galtzen du, eta tenperaturaren eraginarengatik bakarrik gerben germinazioa emango da[11].
Tenperaturaren eta fotoperiodoaren elkarrekintzak sortzen duten faktore erregulatzailearen bidez, lortzen da ernetzea udazkenean ez ematea; aitzitik, udaberrian emango da, non baldintzak faboragarriagoak izango diren landare gazteen biziraupena bermatzeko eta heldutasunera iristeko[11]. Hala ere, Euskal Herrian egoera berezi bat ematen da urte jakin batzuetako otsailean, negua izanik: Tenperaturak nahiko epeltasun maila altura iristen dira eguneko ordu beroenetan (eguerdian batez ere), eta aldi berean, egunak nahiko motzak izan arren, argitasun-maila handiko egun batzuk ematen dira, eta urki-haziek argi kantitate-nahikoa jasotzen dute hozitzen hasteko. Ondorioz, otsaila izanik eta negua izan arren, zenbait urkiek germinazioa aurrera eramaten dute.
Mitologia eta folklorea
aldatuDenboran zehar zuhaitz askok lotura estua izan dute herri desberdin askotako mitologiarekin eta folklorearekin, eta urkia kasu honetan ez da salbuespena izan. Europako hainbat herrialdeetan, batez ere nekazal guneetan, erlazio oso estua daukate inguruneko herritarren sinesmenak lurraldeko paisaiarekin, eta hirietaranzko migrazioen ondorioz, nekazal lurralde hauetan zuhaitzek bereganatutako esanahi hauetako batzuk galtzen ari dira. Hala ere, urkiak oraindik esangura aipagarriak dauzka toki batzuetan. Txekiar errepublikan, Danimarkan eta Erresuma Batuan urkiak bi esanahi ditu: alde batetik, udaberriaren iritsierarekin guztiz lotuta dago, eta urkiaren loraldiak udaberria iritsi delaren seinale bezala interpretatzen dute; bestetik, maitasunarekin lotura estua duen zuhaitza da. Halaber, Finlandian eta Polonian erlazio estua dauka poztasunarekin eta alaitasunaren seinale dela sinesten dute[12].
Historian zehar urkiek hainbat esanahi mitologiko izan dituzte. Zeltek, mitologian, urkiak berriztapenaren eta purifikazio espiritualaren sinonimotzat hartzen zituzten, eta urkiaren adartxo-sortak jaso eta pilatzen zituzten urtearen amaieran espiritu maltzurrak aldentzeko. Gaur egun, Erresuma Batuan, zenbait lorezainek oraindik urkiz egindako arrasteluak eta erratzak erabiltzen dituzte haien lorategiak purifikatzeko. Gainera, Eskoziako lurralde altuetako jendeek sinesten zuten behi antzuak zituzten artzainek, hauek urkiz egindako makil batez gidatuz gero, emankorrak (ugalkorrak) bihurtuko zirela berriro, eta ernari egondako behi bat urkiz egindako makil batez gidatuz gero, jaiotako txekorra osasuntsua izango zela[13].
Erabilerak
aldatuMedikuntzan
aldatuUrkiek erabilera ugari dauzkate medikuntzan. Urkien faktore aktiboen tartean olio lurrunkorrak, flabonoideak (kerzetina), karotenoideak eta C bitaminak izango dira zuhaitzari ezaugarri terapeutikoak emango dizkioten konposatu biokimiko nagusienak. Urkiak historian zehar askotan erabili izan dira medikuntza tradizionalean dituzten ezaugarri hauengatik: antifungikoak, analgesikoak, antiinflamatorioak, diuretikoak antiseptikoak, garbitzaileak, lehortzaileak, zikatritzaileak, antihemorragikoak eta febrifugoak[14].
Buruko minak edo zefaleak
aldatuUrkiak buruko minetarako, zefaleetarako, erabiliak izan diren eta gaur egun erabiltzen diren sendagai naturaletako bat dira. Geure buruko minak murriztu ditzakegu urki-egoskin bat edanez edo buruan bertan urki-infusioa xurgatu duten konpresak ipiniz[14].
Edemak eta likidoen pilaketak
aldatuUrkiek funtzio diuretikoa dutenez urearen ekoizpena sustatzen laguntzen dute, eta likidoen pilaketak murrizten laguntzen dute, hauek deuseztapenaz. Urkiek ezaugarri hau aktibatzeko, hostoen infusio bat edatea beharrezkoa da[14].
Sukarrak
aldatuBeste funtzioetako bat da febrifugoa da, hots, sukarra sendatzeko sendabide naturaltzat erabiltzen da. Kasu honetan, urkiek daukaten ezaugarri febrifugoa bete dezaten, infusio bat egin behar da, baina garrantzitsua da giro-tenperaturan dagoenean edatea[14].
Giltzurrunetan
aldatuGiltzurrunetarako sendagai natural nagusienetako bat kontsideratzen dira urkiak, eta hauek osasuntsu mantentzeko erabiltzen dira. Giltzurrun infekzioak edo pielonefritisak, eta giltzurruneko harriak sendatzen oso lagungarria da, funtzio diuretikoa daukalako, eta koliko nefritikoak tratatzen laguntzen du, daukan eragile analgesikoarengatik[14].
Papergintzan
aldatuPapergintza-industrian zelulosa erabiltzen da papera ekoizteko lehengai bezala, landareen pareta zelularrean agertzen da, eta bere funtzio nagusia landareek eratutako egiturei trinkotasuna eta gogortasuna ematea da. Industrian erabiltzen da papera sortzeko ezinbestekoa den orea sortzeko. Paperak landare desberdinetatik sortu daitezke, hala nola, azukre-kanaberak, arrozak eta artoak. Hau egia izan arren, papera sortzeko industrian arruntena zuhaitzen enborrak erabiltzea da, zuntz hoberenak hemendik lortzen direlako zuzenean[15].
Zuhaitz-espezie desberdinen enborrek papera sortzeko erabiltzen diren zuntz desberdinak garatzen dituzte. Egur bigunetako espezieek, pinuak eta izeiak adibidez, zuntz luzeak ekoizten dituzte, eta hauek paperari malgutasuna eta zurruntasuna ematen diote. Aldiz, urkiek eta beste espezie batzuk, hala nola astigarrek, izeiek eta eukaliptoek, enbor gogorragoak dituztenez, hauetatik ekoizten diren paperaren zuntzak leunagoak dira, azalera berdintsuago bat ekoiztuz. Hala ere, papergintzan, kalitate hobereneko paperak ekoizteko, luzeera, leuntasun eta malgutasun desberdineko zuhaitzen enborretatik lortutako zuntzak nahastu ohi dira, paperak ezaugarri hoberenak edukitzeko.
Erreferentziak
aldatu- ↑ Schmid, Rudolf; Books, Sunset; Magazine, Sunset. (1995-8). «Sunset Western Garden Book» Taxon 44 (3): 482. doi: . (Noiz kontsultatua: 2019-03-15).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Betula pendula» Arbolapp (Noiz kontsultatua: 2019-03-15).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Betula pubescens» Arbolapp (Noiz kontsultatua: 2019-03-15).
- ↑ (Ingelesez) Society of Systematic Biologists. (1992). Systematic biology: journal of the Society of Systematic Biologists. Taylor & Francis PMC 863020229. (Noiz kontsultatua: 2019-03-15).
- ↑ a b (Ingelesez) Soltis, Douglas E.; Smith, Stephen A.; Cellinese, Nico; Wurdack, Kenneth J.; Tank, David C.; Brockington, Samuel F.; Refulio‐Rodriguez, Nancy F.; Walker, Jay B. et al.. (2011). «Angiosperm phylogeny: 17 genes, 640 taxa» American Journal of Botany 98 (4): 704–730. doi: . ISSN 1537-2197. (Noiz kontsultatua: 2019-03-15).
- ↑ (Ingelesez) Rudall, Paula J.; Needham, Isabelle; Cronk, Quentin C. B.. (2015). «Evolution of Catkins: Inflorescence Morphology of Selected Salicaceae in an Evolutionary and Developmental Context» Frontiers in Plant Science 6 doi: . ISSN 1664-462X. (Noiz kontsultatua: 2019-03-15).
- ↑ (Ingelesez) Gilliver, Peter. (2016-08-25). Second Supplement to Second Edition: 1972–1989. Oxford University Press doi: . ISBN 9780191826092. (Noiz kontsultatua: 2019-03-15).
- ↑ (Ingelesez) Stitchcraft. (1936). «Stitchcraft Leaflets.» Stitchcraft Leaflets. PMC 504085458. (Noiz kontsultatua: 2019-03-15).
- ↑ (Portugesez) Araki, Denis Faquim. (2005-05-19). Avaliação da semeadura a lanço de espécies florestais nativas para recuperação de áreas degradadas.. Universidade de São Paulo (Noiz kontsultatua: 2019-03-15).
- ↑ «Birch | Trees for Life» treesforlife.org.uk (Noiz kontsultatua: 2019-03-15).
- ↑ a b (Ingelesez) (PDF) Ecology of birch species. (Noiz kontsultatua: 2019ko Martxoaren 11a).
- ↑ (Ingelesez) (PDF) COST Action E42 Growing valuable broadleaved tree species Final Report October 2008. (Noiz kontsultatua: 2019ko Martxoaren 8a).
- ↑ (Ingelesez) «Downy birch (Betula pubescens) - Woodland Trust» www.woodlandtrust.org.uk (Noiz kontsultatua: 2019-03-15).
- ↑ a b c d e (Gaztelaniaz) ECOagricultor. Abedul: propiedades, beneficios para la salud y contraindicaciones | ECOagricultor. (Noiz kontsultatua: 2019-03-15).
- ↑ «Celulosa, fibras y papel» Materias Primas Pochteca (Noiz kontsultatua: 2019-03-15).