Sixto Durán Ballén
Sixto Durán Ballén (Boston, Estatu Batuak, 1921eko uztailaren 14a - Quito, 2016ko azaroaren 15a) arkitektoa eta politikaria izan zen, ekuadortarra. Ekuadorko Errepublikako lehendakaria izan zen 1992tik 1996ra.
Bizitza
aldatuArkitektura- eta urbanismo-ikasketak egin zituen Columbiako eta Wisconsingo unibertsitateetan. Herri Lanetako ministro zela, Camilo Ponce Enríquezen agintaldian (1956-1960), herrialde osoan errepideak egiteko eta berregiteko plangintza prestatu zuen, Quito eta Guayaquilgo aireportuak eta Guayaquil eta Puerto Bolivarko itsas portuak eraiki zituen, telefono-sarea hedatu zuen, eta edateko ura bideratzeko plangintza antolatu zuen. 1970ean, Quitoko alkate hautatu zuten. Alderdi sozialkristaua sortu zuen, baina 1991n utzi zuen hura. Gero, Unión Republicana sortu zuen, joera kontserbadoreagokoa. 1992an, errepublikako lehendakaritza eskuratu zuen, Unión Republicana eta Partido Conservador alderdien koalizioari esker. Bere agintaldian, gobernuaren ekonomia-politikaren aurkako protesta asko izan zen (1994ko ekaineko greba orokorra), eta gerra egin zuen Perurekin, muga-arazoak zirela medio.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.