Sebastian Gonzalez

esku huskako pilotaria
Gonzalez
Izen osoa: Sébastien González
Jaiotza data: 1977ko irailaren 12a (47 urte)
Jaioterria: Donibane Lohizune (Lapurdi)
Pilotaria
Modalitatea: esku huskako pilota
Egungo enpresa: erretiratua
Postua: aurrelaria
Altuera: 1,87 m
Pisua: 87 kg
Debutatze data: 1998ko abenduaren 4a
Debutatze pilotalekua: Azkaine

Sebastian Gonzalez —izen-deitura ofizialak, frantsesez: Sébastien González—, pilota arloan Gonzalez deituraz ezaguna (Donibane Lohizune, Lapurdi, 1977ko irailaren 12a) esku huskako pilotari profesional ohia eta talogilea da.[1] Aurrelari jokatzen zuen, Aspe enpresarekin. Estatistika ofizialen arabera, 1,87 metro luze da, eta 87 kg pisatzen zuen. Profesionaletako lehendabiziko partida 1998ko abenduaren 4an jokatu zuen, Azkaineko pilotalekuan. Indar handiko ezkertia da. 2009ko lau eta erdiko txapelketa eta 2010eko binakako txapeldunordetza ditu bere kirol lorpenik nabarmenenak. Horrez gainera, 1997an munduko txapeldun izan zen trinketean, 22 urtez azpikoen mailan; 1998an, munduko txapelduna Mexikon; eta 2000n bigarren mailako buruz buruko txapelduna.

Talogintzako enpresa bat du 2013ko udaz geroztik, eta taloak egiten dihardu, amonak emandako errezeta batean oinarrituta.[2][1] Corinne andregaiarekin bizi da, eta 2006an jaiotako seme bat dute, Oihan.[3][4]

Bizitza

aldatu

Espainiako Gerra Zibiletik ihesi Ipar Euskal Herrira joandako gasteiztar baten biloba da, eta Mutrikuko eta Otsagabiako arbasoak ere baditu. Euskaldun zaharra da, eta eskolan hasi zen gaztelaniaz ikasten. Bere aita Txomin Gonzalez bezala, Sebastian bai errugbian eta bai esku huskako pilotan aritu zen, harik eta pilotaren alde egin zuen arte. Plaza librean eta trinketean zaildu eta gero, 19 urte zituelarik ekin zion ezker hormako pilotalekuetan jokatzeari.[3]

Esku huskako pilotari profesionala

aldatu

2009ko abenduaren 8an lau eta erdiko finala irabazi zuen Juan Martinez de Irujoren aurka.[5] 2010eko maiatzean, beste bost urterako berritu zuen kontratua Asperekin.[6]

Polemika handiak sortu ditu bere pilotari ibilbidean eta harreman gorabeheratsua izan du bere enpresarekin eta beste pilotari batzuekin. 2007an, Olaizola II.a kirolaritzat «harroputza» zela adierazi zuen, haren aurka jokatzekoa zen buruz buruzko txapelketa nagusiko finalerdietako partidaren aurretik.[7] 2011ren bukaeran, 2012ko binakako txapelketa nagusitik kanpora utzi zuen Aspek, aurreko bi urteetan Gonzalezek joko maila eskasa izan zuelako,[8] eta Gonzalezek enpresari gogor aurpegiratu zion bere ordez bera baino askoz curriculum apalagoko pilotari bat (Aritz Lasa) sartu zuela txapelketan.[9] Pilotako agintariei Ipar Euskal Herriko pilotarien aurka dihardutela aurpegiratu zien azkaindarrak,[10] eta haren jaioterriko auzapezak Aspe enpresari boikot egitera deitu zuen.[11] Egun batzuk geroago, Sebastianek barkamena eskatu zien gainerako pilotariei eta bere enpresari.[12]

2012. urtea ere ez zuen batere ona izan: afera hark eragin zion, eta hilabete eta erdi egon zen jokatu gabe urte hasieran. Enpresak ezarritako zigorraren kutsua zuen. Buruz burukoan arnasa pixka bat berreskuratu zuen. Lehenbizi Urrutikoetxeari irabazi zion (22-17), gero Merino II.ari (22-14), eta azkenik Bengoetxea VI.ak kanporatu zuen, final-laurdenetan (22-7). Ez zuen ibilbide txarra izan, eta txapelketako ezusteetako bat izan zen. Gero, ordea, udako lehen torneoetatik kanpo gelditu zen. Ekainaren bukaeran eta uztailaren hasieran maila oneko lau partida irabazi zituen jarraian, baina udan, oro har, galduriko partidak irabazitakoak baino gehiago izan zituen. Joko gutxi, eta zorte txarra ere bai, abuztu erdialdean orkatila bihurritu baitzuen. Gonzalezek urte osoan esan zuen min txikiak izan zituela. Xalaren lesioak eta Irujoren apendizitisak Lekeitioko eta Logroñoko torneoetako ateak ireki zizkion. Enpresak Gonzalezengan ustea izaten jarraitzen zuen seinale: enpresako laugarren aurrelaria zen. Bi torneoetan hiru partida jokatu zituen, eta hirurak galdu. Maila txarrik eman gabe, baina emaitzak ez zituen lagun izan. Irailerako, urtea bukatu zain zegoen: «Urtea buka dadin desiratzen ari naiz, nire ibilbideko txarrena izan da. 2013a hobea izatea espero dut». Lau eta erdikoan zuen Gonzalezek urtea zuzentzeko aukera. Sukarrak, baina, Urrutikoetxearen aurkako partida atzeratzera behartu zuen, eta eguna heldutakoan ez zen sasoi betean aritu: 22-11 galdu zuen, oso irudi txarra emanda. 35 urte zituen, eta, 2015eko martxorainoko kontratua zuen arren, askok zioten bere onenak emanak zituela.[13]

2013ko urtarrilean, binakako txapelketa nagusia jokatzen ari zela, Aspek ordezkatu egin zuen, eman beharreko maila ematen ari ez zelako, txapelketako lehenengo sei partidetatik bakarra irabazi eta gero.[14][15] Hurrengo maiatzaren hasieran, buruz buruko txapelketan Urrutikoetxearen aurka jokatu behar zuen partidaren bezperan, auto batek oina harrapatu zion, eta min hartu zuen. Partidaren egunean bertan eman zion horren berri enpresari, Frantziako erdialdean zegoelarik, Iruñetik bospasei ordura autoz;[16] gainera, Aspek ez zuen Gonzalezekin harremanetan jartzerik lortu hiru egunez.[17] Enpresak bi hilabetez jokatu gabe eta soldatarik gabe izatearen zigorra ezarri zion Sebastiani.[18][19] Irailaren erdialdean, Sebastianek auzia jarri zion enpresari, bidegabeko zigorra izan zela eta.[17] Hilaren bukaeran, enpresak Gonzalez partida batetik kanpo utzi zuen, joko maila apala zuela eta, Logroñoko San Mateoetako txapelketan oso partida txarra jokatu eta gero.[20] Ez zuen berriz jokatuko Aspe enpresarekin. Hurrengo hilabetean, Gonzalez min hartuta zegoenez, lau eta erdiko txapelketatik kanpora geratu zen.[21]

2013ko azaroaren 6an egitekoa zen epaiketa. Gonzalezek eta Aspek, ordea, epaiketa bertan behera uztea adostu ondoren,[2][22] kontratua deuseztatzea hitzartu zuten azaroaren 22an, Aspek Gonzalezi diru kopuru bat ordaintzearen trukean.[23] Sebastian 15 urtez izan zen profesional, eta 925 partida jokatu zituen.[24]

Estatistikak

aldatu
Jokatutako partidak Irabaziak Galduak Aldeko tantoak Aurkako tantoak
925 429 496 16.537 17.289

(2013ko azaroaren 7an gaurkotua.)

Erreferentziak

aldatu
  1. a b «Sebastian Gonzalez pilotaria, orain talogile bihurtuta», Airean telebista saioa, EITB.com, 2014-02-14.
  2. a b (Gaztelaniaz) Jon ORMAZABAL: «Aspe y Gonzalez acuerdan en el juzgado no ir a juicio», Naiz, 2013-11-07.
  3. a b (Gaztelaniaz) «González: "Irujo es una máquina"», El Correo, 2009-12-14.
  4. (Gaztelaniaz) «Gonzalez fue padre el viernes», Diario Vasco, 2006-04-30.
  5. «Sebastian Gonzalez txapeldun»[Betiko hautsitako esteka], Berria, 2009-12-08.
  6. (Gaztelaniaz) «Aspe renueva a González por cinco años y a Retegi BI por dos», El Correo, 2010-05-20.
  7. (Gaztelaniaz) «Olaizola es un chulo en el frontón», El Correo, 2007-06-01.
  8. (Gaztelaniaz) Tino REY: «González prosigue inmerso en el túnel después de dos años sin levantar cabeza», El Correo, 2011-08-01.
  9. (Gaztelaniaz) «Dos meses de sanción para Sebastián González», Osasunista.net, 2013-05-22.
  10. «Sébastien Gonzalez biziki haserre da binazkako xapelketatik haren baztertzea dela-eta», Kazeta.info, 2011-12-15.
  11. (Frantsesez) «Sébastien Gonzalez écarté, appel au boycott en Pays Basque nord», EITB.com, 2011-12-14.
  12. (Gaztelaniaz) «González pide perdón a los pelotaris y a la empresa», EITB.com, 2011-12-20.
  13. Imanol MAGRO: «2013aren irrikan», Berria, 2012-10-17.
  14. «Gonzalez txapelketatik kanpo utzi du Aspek», EITB.com, 2013-01-28.
  15. (Gaztelaniaz) Tino REY: «Gonzalez, fuera; entra Ezkurdia», El Correo, 2013-01-29.
  16. Imanol MAGRO: «Aspek zigortu egingo du Sebastian Gonzalez», Berria, 2013-05-14.
  17. a b (Gaztelaniaz) Tino REY: «La empresa Aspe y Sebastien González se verán mañana en los tribunales», El Correo, 2013-11-05.
  18. «Aspek bi hilabeteko zigorra ezarri dio Gonzalezi», EITB.com, 2013-05-22.
  19. «Sebastien Gonzalez: 'Gertatutako guztia atzean utzi nahi dut'», EITB.com, 2013-07-26.
  20. (Gaztelaniaz) «Aspe manda de nuevo a la nevera a Gonzalez por bajo rendimiento», Diario Vasco, 2013-09-24.
  21. «Ezkurdiak ordezkatuko du Gonzalez lau t'erdikoan», Berria, 2013-10-15.
  22. «Gonzalez eta Aspe akordio batera heldu dira», EITB.com, 2013-11-06.
  23. Igor G. VICO: «Aspe y Gonzalez rescinden su relación contractual», Deia, 2013-11-23.
  24. «Aspek Sebastien Gonzalezen kontratua deuseztatu du», EITB.com, 2013-11-22.

Kanpo estekak

aldatu