Sargazoen itsasoa
Sargazoen itsasoa[1] Ozeano Atlantikoko iparraldeko eremu bat da, mendebaldeko (O) 70º - 40º meridianoen artean eta iparraldeko (N) 25º - 35º paraleloen artekoa. Bermudako Hirukia deritzonaren zati bat da.
Sargazoen itsasoa | |
---|---|
Datu orokorrak | |
Mota | itsaso |
Zabalera | 1.100 km |
Sakonera | 7.000 m |
Eponimoa | Sargazo |
Geografia | |
Koordenatuak | 28°20′08″N 66°10′30″W / 28.3356°N 66.175°W |
Honen parte da | Ipar Ozeano Atlantikoa |
Ur-gorputza | Ipar Ozeano Atlantikoa |
XVII. eta XVIII. mendeetan ospe txarra izan zuen, belaontziak bertan hondoratzen zirelako, halakoen hilerria zela.
Ezaugarriak
aldatuOrokorrean Sargazoen itsasoaren eremuak 3.500.000 km² inguru ditu. Nabarmena da sarritan haizerik ez izatea, itsaslasterrak, eta plankton eta alga asko dagoen lekua izatea. Hain zuzen ere, algek itsas azalaren azpian 'basoak' eratzen dituzte, oso zabalak. Horregatik, Amerika aurkitu zutenetik, orduko belaontziekin eremu hau zeharkatzea oso zaila eta arriskutsua zen: azaleko alga multzoa alde batetik, eta haizerik eza bestetik, "kalma txitxa" zeritzon barealdia, benetako oztopo zen Sargazoen itsasoa zeharkatu nahi zutenentzat. Bestalde, itsaslasterrek azpitik zirkuluan mugitzen dituzte urak erdirantz, oso astiro, ordulariaren orratzen eran, baina erdigunea oso zabala da, eta itxuraz uraren mugimendurik gabekoa.
Sargazoen itsasoaren eremua obalo-formakoa da, eta ez dauka muga garbirik, ez daukalako kostaldeko mugarik, ozeano barrukoa delako osorik; izan ere, Sargazoen itsasoaren mugak itsaslasterrek osatzen dute: Golkoko itsaslasterra mendebaldera; Ipar Atlantikoko itsaslasterra iparraldera, eta Ipar Ekuatore Itsaslasterretako bat hegoaldera. Itsaslasterretako azaleko ura epelagoa da ur sakona baino, eta dentsitate-mailak eratzen dira. Uraren dentsitate-estratifikazioak, era berean, ondorio ekologiko garrantzitsuak ditu; esate baterako, argia heltzen den azaleko ur epelagoetan landare-planktona bizi da, batez ere sargazo alga, komunitate handiak sortuz.
Sargazoen itsasoak duen kostalde bakarra Bermuda uharteetakoa da.
Historia
aldatuKristobal Kolonek aurkitu zuen Sargazoen itsasoa Amerikara egin zuen lehenengo bidaian. Hurrengo mendean hasi zen itsasontzi-hilerri ospea hartzen. Edozein modutan ere, "Sargazoen itsasoa" izena marinel portugesek ipinitakoa da.
Biologia
aldatuSargazoen itsasoa bi Sargassum espeziek (S. fluitans eta natans) flotatzen duten eremua da, 4.000 km-ko zabalerakoa, Golkoko itsaslasterrak, Ipar Atlantikoko Birak eta Iparraldeko Korronte Ekuatorialak inguratua. Alga-populazio hori, ziurrenik, tertziarioko arbasoetatik sortu zen antzinako Tetis ozeanoko Europako kostetan, eta, hala izatekotan, hazkunde begetatiboz mantendu da, milioika urtez ozeanoan flotatuz[2].
Sargazo itsasoko beste espezie endemiko batzuk sargazo arraina da, algen antzeko apendizeak dituen harraparia, sargazo artean geldirik flotatzen duena. Antzerako arrainen fosilak aurkitu dira antzinako Tetis ozeanoko badia fosiletan, gaur egun Karpatoen eskualdea den horretan, Sargazoen itsasokoen antzekoak zirenak. Baliteke Sargazo itsasoko populazioa Atlantikora migratu izana, Tetis arroa Miozenoaren amaieran itxi zenean, 17 Ma inguruan. Sargazoen fauna eta floraren jatorria enigmatikoa izaten jarraitu zuen mendeetan zehar. XX. mendearen erdialdean Karpatoetan aurkitutako fosilek azkenean frogatu zuten talde hori Karpatoen arroan sortu zela, eta handik Siziliara migratu zuela erdialdeko Atlantikoraino, non eboluzionatu zuen Sargazoen itsasoko espezie moderno bilakatzeraino[3].
Europako aingiraren errute-eremuaren kokapena ezezaguna izan zen hainbat hamarkadatan. XIX. mendearen hasieran jakin zen Sargazoen Itsasoaren hegoaldea aingira europarraren eta amerikarraren errute-eremua dela, eta lehenengoek 5.000 km baino gehiago migratzen dutela eta bigarrenek 2.000 km. Itsaslasterrek, Golkoko itsaslasterrak esaterako, angulak garraiatzen dituzte Sargazoen Itsasotik Ipar Amerikako, Europako eta Afrika iparraldeko elikadura eremuetara[4].
Erreferentziak
aldatu- ↑ Euskaltzaindia. Europako toponimia fisikoa. .
- ↑ (Ingelesez) Mann, Kenneth H.. (1991-07). «Seaweeds: Their environment, biogeography, and ecophysiology» Limnology and Oceanography 36 (5): 1066–1066. doi: . ISSN 0024-3590. (Noiz kontsultatua: 2024-08-26).
- ↑ Jerzmańska, Anna; Kotlarczyk, Janusz. (1976-11-01). «The beginnings of the Sargasso assemblage in the Tethys?» Palaeogeography, Palaeoclimatology, Palaeoecology 20 (4): 297–306. doi: . ISSN 0031-0182. (Noiz kontsultatua: 2024-08-26).
- ↑ (Ingelesez) Als, Thomas D.; Hansen, Michael M.; Maes, Gregory E.; Castonguay, Martin; Riemann, Lasse; Aarestrup, Kim; Munk, Peter; Sparholt, Henrik et al.. (2011-04). «All roads lead to home: panmixia of European eel in the Sargasso Sea» Molecular Ecology 20 (7): 1333–1346. doi: . ISSN 0962-1083. (Noiz kontsultatua: 2024-08-26).