Rosalía de Castro
Rosalía de Castro (Compostelako Donejakue, 1837ko otsailaren 23a – Padrón, A Coruña – 1885eko uztailaren 15a) galizieraz eta gaztelaniaz idatzi zuen galiziar idazlea izan zen, Erromantizismoaren garaikoa.
Rosalía de Castro | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | María Rosalía Rita Expósito |
Jaiotza | Conxo (Santiago de Compostela), 1837ko otsailaren 23a |
Herrialdea | Galizia |
Lehen hizkuntza | galiziera |
Heriotza | A Matanza (en) , 1885eko uztailaren 22a (48 urte) |
Hobiratze lekua | Panteón de Galegos Ilustres (en) Adina Cemetery (en) |
Heriotza modua | berezko heriotza: umetokiko minbizia |
Familia | |
Aita | José Martínez Viojo |
Ama | María Teresa da Cruz Castro |
Ezkontidea(k) | Manuel Murguía (1858ko urriaren 10a - 1923ko otsailaren 2a) |
Seme-alabak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania galiziera |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea, poeta, eleberrigilea eta ipuingilea |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Jasotako sariak | ikusi
|
Mugimendua | Rexurdimentoa |
Genero artistikoa | olerkigintza |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | katolizismoa |
rosalia.gal | |
Eduardo Pondal eta Curros Enríquez idazleekin batera, Rexurdimento edo Pizkundearen bultzatzaile nagusietakoa izan zen. Liburu gehienak gaztelaniaz idatzi bazituen ere, galizieraz idatzitako Cantares gallegos eta Follas novas dira bere lanik ezagunenak; lehenak, gainera, mugarri bat ezarri zuen poesia galegoan. Emilia Pardo Bazánekin batera, idazle galiziarrik handiena da, eta galizierazko idazle onenentzat ere hartzen da. Gainera, Espainiako poesia modernoaren aitzindarietako bat ere izan zen, Gustavo Adolfo Bécquer poetarekin batera.
Biografia
aldatuLehen urteak
aldatuAma biologikoa María Teresa de la Cruz Castro y Abadía zuen, gainbehera egindako baliabide ekonomiko gutxiko kapare ezkongabea; aita biologikoa, berriz, José Martínez Viojo apaiza. Alabaina, jaio eta ordu gutxira bataiatu zuten, María Rosalía Rita izenez, eta jaiotza-agirian gurasoak ezezagunak zirela idatzi zuten. Bataioan, amabitxia amaren zerbitzari leial María Francisca Martínez izan zen, eta lehen une hartan bera egin zen haurraren kargu.
Zortzi urte bete arte, Rosalía de Castro aitaren aldeko izeba Teresa Martínez Viojoren zaintzapean egon zen, eta A Coruñako Castro de Ortoño herrixkan bizi izan zen. Han ezagutu zituen Galiziako hizkuntza, ohiturak eta sinesmenak, bai eta Cantaren gallegos obran hainbesteko eragina izan zuten kantigak ere.
1850 inguruan Santiago de Compostelara joan zen, ama bilogikoarekin batera bizitzera. Izan ere, denborarekin, amak alaba legitimotzat aitortu ahal izan zuen Rosalía, baita paper ofizialetan ere –nahiz eta batzuetan alaba legitimotzat agertu eta beste batzuetan ez–, eta beraren lehen abizena eman zion, de Castro.
Dena den, Santiago de Compostelara elkarrekin joan aurretik ere Rosalía amarekin bizi izana zen, Padrón herrian. Garai hartan, marrazketaren eta musikaren oinarriak ikasi zituen, garai hartako andereñoengan ohikoa zen legez, eta kultura-ekitaldietan parte hartzen hasi zen, Santiago de Compostelako intelektual gazteekin batera.
Ezkontza
aldatu1856an, de Castro Madrilera joan zen bizitzera, senitarteko batzuekin batera. 1858anManuel Murguíarekin ezkondu zen, Real Academia Galegaren lehenbiziko presidentea izan zenarekin. Murguíak asko estimatzen zuen de Castroren lana, eta literatura-ibilbidean aurrera egiteko babesa ematen zion. Zazpi seme-alaba izan zituzten; azkena hilik jaio zen, eta haren aurrekoa urte batekin hil zen, eroriko baten ondorioz.
Murguíaren lana oso ezegonkorra zen, eta horrek estutasun ekonomiko larriak eragin zizkion familiari; gainera, de Castrok berak osasun makala zuen, eta horrek ere ez zion askorik laguntzen familiaren egonkortasunari. Guztiarekin, hainbat tokitan bizi izan ziren, batez ere Madrilen eta Galiziako zenbait tokitan.
1868an, La Gloriosa edo Iraileko Iraultza gertatu zen Espainian. Murguía Simancaseko Artxibategi Nagusiko zuzendari izendatu zuten, eta kargu horretan jardun zuen bi urtez. Denbora horretan, de Castro Madril eta Simancas artean bizi izan zen. 1871an, ostera, Galiziara itzuli zen, eta geroztik han bizi izan zen, lehenengo han-hemen eta 1875etik aurrera gaztaroko Padrónen, lehendabizi Lestrove dorreetan eta gero Iria parrokiako La Matanza etxean, familiarekin batera.
Heriotza
aldatuRosalía de Castro 1885eko uztailaren 15ean hil zen, 48 urterekin, umetokiko minbiziak jota. Hasiera batean, Iria Flaviako Adina hilerrian lurperatu zuten. 1891ko maiatzaren 15ean, baina, hilobitik atera eta Santiago de Compostelara eraman zuten; Jesús Landeira eskultoreak berariaz eraikitako mausoleoan hilobiratu zuten, Santo Domingo de Bonaval Komentuko Visitación kaperan, gaur eguneko Galego Gailenen Panteoian.
Hil aurretik, ordura arte argitaratu gabeko lan guztiak erretzeko eskatu zien seme-alabei. Alabaina, azken horiek ez zuten amaren esana bete, eta Rosalía de Castroren obrak guregana arteko bidea egin ahal izan du.
Literatura-ibilbidea
aldatuHamabost urterekin, gerorako obran eragin handia edukiko zuen krisi larri bat izan zuen. 1857an, bere lehen poema liburua eman zuen argitara, La Flor ("Lorea").
1859. urtean, La hija del mar ("Itsasoaren alaba") eleberria idatzi zuen, emakumearen bizimoduaren jasotzen duena. 1863an, berriz, ama hil ondoren hari opatutako A miña mai eta Gaztelarekiko erdeinua darien Cantares galegos ("Galiziar kantuak") poema-liburuak ondu zituen. Kontakizunak eman zituen ondoren, Ruinas (1866) eta El caballero de las botas azules ("Bota urdineko zalduna", 1867). Aurrerago, 1870-1871 bitartean Valladolideko Simancas hirian idatzi poemak 1880an argitaratutako Follas Novas ("Hosto berriak") liburuan bildu zituen.
1885ean, En las orillas del Sar ("Sar ibaiaren ertzean") olerki sorta eman zuen gaztelaniaz, bere baitara bilduriko idazlearen gogoeta liriko eta erlijiozkoak biltzen dituena.
Bere garaiari zegokion moduan, molde erromantikoak aurrera eramaten jakin izan zuen. Hitz laua eta neurtua landu zituen; amodioaren penak, emakumea, herriaren miseria eta Galiziarekiko atxikimendua izan ziren gai nagusiak.
Testuingurua
aldatuXIX. mendean ez zen erraza galegoz idaztea, galizierak ez baitzeukan batere izen onik. Idatzizko tradizioa galdua zen harrezkero, eta hizkuntzarekiko erdeinuzko eta axolagabetasunezko sentimenduak gainditu eta hutsetik hasi beharra zegoen. Ez ziren asko lan horri lotzen zitzaionak, gizartean omena galtzea baitzekarren berekin; izan ere, gaztelania zen kultura-hizkuntza, bai eta gutxiengoen klase menderatzaileak babestutako hizkuntza ere.
Cantares Gallegos obra galizieraz idaztean, Rosalía de Castrok prestigioa eman zion hizkuntzari, eta kulturaren eremuan hura berpizten lagundu zuen, Pontevedrako Xoán Manuel Pintos idazle eta lexikografoak A Gaita Galega (1853) lanarekin hasitako bideari jarraikiz. Cantaren Gallegos abesti kolektibo bat da, maila artistiko onekoa; komunitate galegoaren hizkuntzaren eta tradizioaren ispilu izanik, duintasuna ekarri zien galiziarrei.[1][2]
Día das Letras Galegas
aldatuGalizieraz idazten duten edo galegoaren alde lan egiten duten pertsonak omentzeko egiten den Dia das Letras Galegas ekitaldia maiatzaren 17an ospatzen da, hain zuzen ere Rosalía de Castrok 1863ko egun horretan argitaratu zuelako Cantares gallegos.
Obra
aldatuOlerkiak
aldatu- 1857 La Flor (gaztelaniaz).
- 1863 Cantares gallegos (galizieraz).
- 1863 A mi madre (gaztelaniaz).
- 1880 Follas novas (galizieraz).
Narratiba
aldatu- 1859 La hija del mar (gaztelaniaz).
- 1861 Flavio (gaztelaniaz).
- 1864 Contos da miña terra I edo Conto gallego (galizieraz)
- 1863 El cadiceño (gaztelaniaz).
- 1866 Ruinas (gaztelaniaz).
- 1866 Las literatas (gaztelaniaz).
- 1867 El caballero de las botas azules (gaztelaniaz).
- 1881 El primer loco (gaztelaniaz).
- 1881 El domingo de Ramos (gaztelaniaz).
- 1881 Padrón y las inundaciones (gaztelaniaz).
- 1884 En las orillas del Sar (gaztelaniaz).
Euskaraz
aldatu- Sar'eko ibarretan (Olerti, 1964; itzultzailea: Dirauket)
- Munduko Poesia Kaierak: Rosalía de Castro (Susa, 2017; itzultzailea: Koldo Izagirre). Poemen antologia bat.[3][4]
« | Behin izan nuen iltze bat
Behin izan nuen iltze bat Besterik ez dakit, min, Dena ahal duzun Jauna, Jainkoak eman, eta atera, Besterik ez dakit, badudala Buztin hilkor honen arima |
» |
—Rosalía de Castro (itzultzailea: Koldo Izagirre CC-BY-SA)[5] |
Irudi galeria
aldatu-
Rosaliaren marrazkia, Alexandra alabak egindakoa.
-
Modesto Brocosek egindako margoa 1880an.
-
Seanar eta seme-alabekin 1884an.
-
Panteoia San Domingos de Bonavaleko komentuan (Santiago).
-
Ovidio semeak egindako marrazkia, hilik etzanda.
-
Follas Novas.
-
500 pezetako biletean.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Actas do Congreso internacional de estudios sobre Rosalía de Castro e o seu tempo, pp. 7-8.
- ↑ Lingua e literatura (2004), p. 248.
- ↑ Castro, Rosalía de. (D.L. 2017). Rosalia de Castro. Susa ISBN 978-84-17051-04-4. PMC 1034976741. (Noiz kontsultatua: 2021-11-20).
- ↑ de Castro, Rosalia. (2017). «Rosalia de Castro. Susa literatura - Poesia kaiera [Koldo Izagirre]» susa-literatura.eus ISBN 978-84-17051-04-4. (Noiz kontsultatua: 2021-11-20).
- ↑ Izagirre, Koldo. (2021). Intxaurrondoko ibilbide literario 2021. Plazara Goaz.
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu- Munduko Poesia Kaierak: Rosalía de Castro (bildumaren zuzendari Beñat Sarasolaren hitzaurrearekin)
- Fundación Rosalía de Castro (Galizieraz).
- RAG. Figuras homenaxeadas (Galizieraz).
- Álbum de mulleres Consello da Cultura Galega (Galizieraz).
- Biblioteca Virtual Galega (Galizieraz).
- Biblioteca Virtual Miguel de Cervantes (Galizieraz).