Jerry Rawlings
Jerry John Rawlings (Akkra, 1947ko ekainaren 22a - Akkra, 2020ko azaroaren 12a) ghanatar politikaria eta militarra izan zen. Ghanako estatuburua izan zen 1979ko ekainetik irailera eta 1981-2001 bitartean,.
Biografia
aldatuGobernuan gertatzen ari ziren ustelkeriekin bat ez zetorren ofizial-talde batekin bildu zen. 1979ko maiatzaren 15ean jo zuten estatu-kolpeak huts egin arren, ekainean Fred Akuffo teniente-koronelaren agindupeko gobernua erorarazi zuen. Gudarosteko iraultza-kontseiluko burua izan zen, eta, ustelkeriaren aurkako politika zorrotza bultzatzeaz gainera, Fred Akuffo, Akwasi Afrifa eta Ignatius Kutu Acheampong presidente ohiak hilarazi zituen.
Konstituzio berria idatzi ondoren, hauteskunde libreak antolatu zituen. Aginpidea lortzen lagundu zion alderdiaren arteko desadostasunak zirela eta, 1981ean beste estatu-kolpe bat antolatu eta zibilek eta militarrek osaturiko behin-behineko gobernua eratu zuen. 1982ko eta 1983ko estatu-kolpeei, ekonomia-krisi latzari eta biztanleriaren hazkundeari aurre egin behar izan zien gobernu berriak.
11 urteko aginte militarraren ostean, 1992ko alderdi anitzeko hauteskundeak irabazi zituen, eta baita 1996koak ere. 2000. urtean, ordea, John Kufuor nagusitu zitzaion.[1]
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Oposizioko hautagaiak irabazi ditu Ghanako hauteskundeak. Euskaldunon Egunkaria, 2000ko abenduak 31, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-12-11).