Hodi kapilarra arteriadarren amaieran eta zainadarren hasieran izaten den odol hodi txikietako bakoitza da. Kapilarrek gorputzaren ehunetan hodi sareak osatzen dituzte. Oso txikiak dira: 8-150 mikra neurtzen dute, eta diametroa 3-25 mikra bitartekoa dute. Kapilarretara arteriadarrek eramaten dute odola eta zainadarrek garbitzen dituzte. Kapilarren hormak zelula bakarrekoak dira, eta horri esker oxigenoa, karbono dioxidoa, ura, gatza eta abar sartzen eta irteten dira kapilarretatik, eta odoletik ehunetara igarotzen dira.

Arteriak (ezkerrean, gorriz) eta zainak (eskuinean, urdinez) lotzen dituen kapilar sarea, arteriadar eta zainadarrekin.

Kapilarretako trukea

aldatu
 
Mikroskopio elektronikoa erabiliz egindako argazki honetan pankreako hodi-kapilar bat ageri da eta, honen barnean, eritrozito bat.

Zirkulazioan dabilen isurkariaren eta likido interstizialaren arteko ur eta gai solutuen trukea mintz kapilarraren alde baterako zein besterako difusioz gertatzen da. Izan ere, kapilarren paretak trukea bideratzeko bezain meheak dira. Difusioaren intentsitatea berdintsua da mintzaren alde bietan, eta horrela, bi espazioetako isurkari bolumenak aldagabe irauten du.

Elkarren kontrako bi indar dira fluido horien mugimenduen eragile. Indar horietako bat kapilar barneko odolaren presioaren, hau da, odolak berak bihotzaren taupaden ondorioz kapilarren paretetan eragiten duen presioaren eta likido interstizialaren presioaren arteko diferentzia da. Presioen arteko diferentzia dela eta, odol-plasmaren parte bat kapilarretik ateratzen da, kapilarraren arteria aldeko muturrean batez ere. Beste indarra plasman pilaturiko proteinen presioaren eta likido interstizialak egiten duen presioaren arteko diferentzia da, hau da, presio onkotiko edo koloidosmotikoaren diferentzia. Plasmak proteina gehiago du likido interstizialak baino –presio onkotiko handiagoa du– eta, desberdintasun horren ondorioz, likido betegarri honen parte bat kapilarraren barnealderantz mugitzen da. Indar hau handiagoa da kapilarraren zain aldean, askoz ere presio hidrostatiko apalagoa baitu alde horretan.

Presio onkotikoak garrantzi handia du, presio horrek eragozten baitu zirkulazio-aparatutik espazio interstizialera isurkaria etengabe jariatzea. Egoera normalean, oreka dago kapilarretatik likidoa ateratzeko presioa egiten duten indarren eta likido hori barnerantz erakartzeko presioa egiten dutenen artean. Kapilarren lege deritzo oreka horri.

Kapilarretako trukean, garrantzi handiko zeregina du sistema linfatikoak. Izan ere, likido interstizial gehiegi dagoenean, sistema linfatikoak zirkulazio sistemara itzularazten du soberan den likidoa, eta baita kapilarretatik ihes egindako proteinak ere (gutxi izaten dira). Sistema linfatikorik ezean, gero eta isurkari gehiago pilatuko litzateke ehunetan, eta horrek ehunak haztea eta –azkenik– haustea ekarriko luke, kapilarrak ez baitira gai, beren kabuz, likido interstizial guztia zirkulaziora itzularazteko.

Erreferentziak

aldatu

Kanpo estekak

aldatu