Henry Cavendish (Niza, Frantzia, 1731ko urriaren 10a - Londres, Erresuma Batua, 1810eko otsailaren 24a) britainiar fisikari eta kimikaria izan zen. Ospea grabitazioaren konstantearen neurketaren inguruan eginiko lanagatik datorkio.

Henry Cavendish

Bizitza
JaiotzaNiza1731ko urriaren 10a
Herrialdea Britainia Handia eta Irlandako Erresuma Batua
 Britainia Handiko Erresuma  1801eko urtarrilaren 1a)
BizilekuaErresuma Batua
HeriotzaLondres1810eko otsailaren 24a (78 urte)
Familia
AitaLord Charles Cavendish
AmaAnn Grey
Ezkontidea(k)ezkongabea
Haurrideak
Hezkuntza
HeziketaPeterhouse
Cambridgeko Unibertsitatea
Newcome's School (en) Itzuli
Hizkuntzakingelesa
Jarduerak
Jarduerakkimikaria, fisikaria eta matematikaria
Enplegatzailea(k)Erresuma Batua
Jasotako sariak
KidetzaRoyal Society

Find a Grave: 8279 Edit the value on Wikidata

Biografia

aldatu

Henry Cavendish Nizan (Frantzia) jaio zen 1731ko urriaren 10ean, baina jatorri britainiarrekoa zen. Bere gurasoak Lord Charles Cavendish, Devonshireko dukea, eta Lady Ann Gray, Kenteko dukearen alaba, izan ziren, familia britainiar noble eta dirudunetik zetozenak. Ama Henryk 2 urte zituenean hil zen eta aitarekin geratu zen. Lord Charles Cavendish esperimentatzailea zen, jada, eta Henry bere laguntzaile izango zen.

11 urte besterik ez zituen Newcomeko eskolan (Hackney) ikasten hasi zenean eta, 1749an, 18rekin, Cambridgeko unibertsitatera joan zen. Ikasle langilea, isila eta lotsatia omen zen eta irakasleek ilargian egoten zen iritzikoak ziren. Asperger sindromea ote zuen ere esan da, baina, ziurrenik, gai zientifikoen inguruan arrazonatzeari eta pentsatzeari dedikatzen zion arreta. Lord Broughamen hitzetan:

« Cavendish probably uttered fewer words in the course of his life than any man who lived to fourscore years »

40 urte bete arte, aitak ematen zion diruarekin bizi izan zen, baina, orduan, diru mordoa etorri zitzaion eskura. Jean-Baptiste Biot zientzialaria frantsesak esaten zuenez, jakintsuen artean aberatsena zen eta, ziurrenik, aberatsen artean jakintsuena.

Diru iturri oparoak ez zuen bere bizitza aldatu. Diruzainak zerbaitetan inbertitzeko aholkua eman zion, baina berak ez zuen neurri hori ulertzen. Diru gehiena liburu eta zientzia materialean zihoakion eta liburutegi eder bat osatu zuen aparteko etxe batean. Zientzialaria lagunak etorritakoan irekitzen zuen eta txukun-txukun apuntatzen zuen zein liburu ateratzen zen handik -berak ateratzen zituenak ere bai-.

Ez zuen beste harremanik izan, familia bakarrik. Lord George Cavendish izan zen bere oinordeko nagusia eta urtean minutu batzuk besterik ez zuten elkar ikusten. Ez zen sekula ezkondu eta seme-alabarik ere ez zuen izan. Bere neskameek bere begi-bistatik alde egiteko ordena omen zuten, despedituak izango ziren mehatxupean. Ohar idatziak uzten zizkien aginduak emateko eta ez zen zuzenean egoten haiekin.

Soinean modaz pasatutako janzki morea eramaten omen zuen ia beti eta aurreko mendean eraman ohi zen 3 puntako kapelua. Hitz egite motela omen zuen eta zientziaren inguruko bileretara bakarrik joaten omen zen.

1803an, Royal Societyko sozio egin zen.

Garaikoentzat misogino eta arraroa izan zen, bakartia eta uzkurra. Ez zuen apenas inorekin hitz egiten eta 30 urtez txapela bera eraman omen zuen buruan. Gizartearekiko zuen harreman bakarra Birminghameko Lunar Societyko kide egitea izan zen, Ilargi betea zegoen gauetan biltzen ziren zientzialaria lagunak -etxeratzeko orduan, bidean argia izateko egiten zuten ilargi beteko gauetan-. Tartean zeuden bere lagun mina zen Joseph Priestley, James Watt (lurrun-makinaren asmatzailea), William Herschel astronomoa edo Erasmus Darwin, beste batzuen artean. Gutxitan galduko zuen Cavendishek bilera hura.

Oliver Sacksek Cavendish izeneko artikuluan 1851n biografia bat argitaratu zuen George Wilson doktorearen zita egiten du:

« ... ez zuen maite; ezta gorroto ere; ez zuen itxaropenik; ez beldurrik ... Zerebro intelektual bat pentsatzen, begi parea behatzen, esku trebeak esperimentatzen eta erregistroak egiten. Hori da bere idatzietan ikus daitekeena... »

Ikerketak

aldatu

Gai ugari ukitu zuen Cavendishek eta erabateko prezisioa lortzen ahalegindu zen. Errekonozimendurik ez bazuen jaso, bere izateko eragatik izan zen. Royal Societyko kide egin zenean, ia ostegunero izan zuen afaria, hori bai. Hala ere, ez zuen ezer asko argitaratzen eta, askotan, ez zizkien bere kideei lorpenak kontatzen. XIX. mende bukaeran bere paperak miatzean, Maxwellek elektrizitateari buruzko ekarpen handiak aurkitu zizkion, baina beste norbaiten izenean zeuden, jada.

Ura eta airearen inguruan eginiko ikerketak, Lurraren dentsitatearen kalkulua bezala, arrakastatsuak izango dira.

Lehen lanak substantzien bero espezifikoaren inguruan egin zituen. 1766an, hidrogenoaren propietateak aurkitu zituen eta berehala eskuratuko zuen uraren konposizioa.

1789an argitaratutako Experiences to determine the density of the Earth lanean, Cavendishen esperimentua deituko zaiona deskribatu zuen, Lurraren dentsitatea urarena baino 5,45 aldiz handiagoa dela esanez. Gaurko datuak oso hurbil uzten dute iritzi hau: 5,5268 alditan.

Era berean, Cavendishek atmosferaren dentsitatea ere ezarri zuen eta korronte elektrikoaren inguruan ikerketa garrantzitsuak egin ere bai.

Cavendishek Newtonen grabitatearen legea edozein gorputzetan betetzen zela frogatu zuen esperimentalki. Horretarako, tortsio balantza bat erabili zuen Cavendishen esperimentua deritzonean eta Lurraren dentsitatea kalkulatu. Hemendik aurrera, XIX. mendean, g Grabitazio unibertsalaren konstantea kalkulatuko zuten. Cavendishek ez zuen kalkulu honen beharrik izan, baina askotan esleitzen zaio berari aurkikuntza hau.

Bere lanak mende bateko atzerapenarekin ezagutu baditugu ere, elektrizitatearen zientzia modernoaren sortzaileetako bat izan zen. Karga elektrikoen arteko erakargarritasuna proposatu zuen (Coulomb legea) eta potentzial elektrikoaren kontzeptua erabili ere bai. Ez zuen tresna egokirik eskura eta bere ikerketetan korronte elektrikoa erabiltzen zuen zuzenean, bere burua tresna moduan jarriz eta minaren intentsitatea kalkulatuz.

Heriotza eta ondorengoa

aldatu

1810eko otsailaren 24an hil zen Londresen, 80 urte zituenean. Ez zaio beste gaixotasunik ezagutzen eta Derbyko katedralean ehortzita dago.

Ezin konta ahala ohar geratu zitzaizkigun eta esperimentuz lepo zeuden kutxak, elektrizitatearen inguruan asko eta asko.

Aberats jaio eta aberats hil zen, Ingalaterrako bankuen akzioen jabe handienetakoa izan baitzen. Ez zion zientziari ezer utzi, baina, 1871n, bere ondorengoa izango zen William Cavendishek Cambridgeko unibertsitateko Cavendish Laboratory delakoa egin zuten. 1874an sortu zen eta hantxe garatuko zen gaur egungo fisika modernoaren zati handi bat.

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Henry Cavendish