Gurseko kontzentrazio-esparrua
Gurseko kontzentrazio-esparrua Zuberoako mugan zegoen kontzentrazio-esparrua izan zen, eta Espainiako Gerra Zibileko errefuxiatuentzat eraiki zuten Bearnoko izen bereko herrian 1939ko martxoan. Euskal Herriko mugan zegoenez, euskal herritarrei aterpea ematea izan zuen lehendabiziko helburua.[1]
Gurseko kontzentrazio-esparrua | |
---|---|
Kokapena | |
Estatu burujabe | Frantzia |
Frantziaren banaketa administratiboa | Metropolitar Frantzia |
Eskualdea | Akitania Berria |
Departamendua | Pirinio Atlantikoak |
Barruti | Oloroe-Donamariako barrutia |
Kantonamendu | Nabarrengoseko kantonamendua |
Frantziako udalerri | Gurs |
Koordenatuak | 43°15′53″N 0°43′54″W / 43.2647222°N 0.7316669°W |
Hala ere, Katalunia galdu ondoren, leku guztietako iheslariak hartu zituen, Frantziako kontzentrazio-esparrurik handiena bihurtzeraino. Bigarren Mundu Gerra hasi eta berehala, Frantziako gobernuak Gurseko kontzentrazio-esparruan alemaniar herritarrak eta etsai zituen beste herrialdeetakoak sartu zituen, baita ideologia zela eta arriskutsutzat zeuzkan frantsesak ere.
Guztira, 6,500 euskal herritar pasa ziren bertatik, eta 52 herrialdetako 60.000 inguru pertsona.[2] 1940ko ekainaren 22ko armistizioaz geroztik, Vichyko gobernuak frantziar ez ziren juduak izan zituen hantxe, Alemaniara bidali arte. 1946an, behin betiko itxi zuten.
Euskal Herriko iheslariak
aldatuEspainiako Gerra Zibileko iheslariak lau taldetan banatu zituzten:
- Brigadistes (brigadistak)
- Basques (euskal herritarrak)
- Aviateurs (hegazkinlariak)
- Espagnols (espainiarrak)
Euskal herritar gehienak Santoñako hitzarmenaz geroztik Kantabriatik ateratako Euzko Gudarosteko kideak ziren. Ideologia guztietako gudariak zeuden, nahiz eta gehiengoa jeltzalea izan. Lapurdiko kostaldera heldu zirenean, agintariak gerlariak eta jende samalda non aterpetu aztertzen hasi ziren. Jean Ibarnegarai zen une horretan Ipar Euskal Herrian diputatu, eta susmoz eta etsaigoz hartu zituen errefuxiatuak, euskaldun tradizionalista ugarik bezala, iheslariak 'gorritzat' joaz. Ondorioz, esparru berria Euskal Herriko mugaz kanpoaldera jartzea bultzatu zuen.
Euskal aterpetuak Euskal Herriaren ondoan zeudenez, ia guztiek lortu zituzten laster esparrutik ateratzeko bermeak eta lana eta aterpea lortu zituzten Frantzian.Frantziako Gobernuak Gurseko esparrua euskal herritarrentzat eraiki zuen. Gehienak, bost mila inguru, Argelès-sur-Merreko kontzentrazio-esparrutik zetozen; 1939ko maiatzaren 10ean Gursen zeuden 18.985 presoetatik 6.555 euskal herritarrak ziren. Iñaki Azpiazu kapilauaren bitartez, hauek jadanik erbestean zegoen Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan eta Telesforo Monzonen laguntza jaso zuten.[3] Esparruan zuten buruzagia zen Celestino Uriarte, aldiz, ez zen jeltzalea, komunista baizik.[4]
Egoera latza bazen ere "euskal herritarren uhartetxoa" besteak baino tratabide hobea izan zuen:
« | Egoera latza zen, ehunka lagun hiltzen ziren, baina euskal herritarrak bereizirik eta besteak baino hobeto geunden; izan ere, bero jaten genuen bakarrak ginen.[5] | » |
Gero, euskal herritarren erdiak Paristik gertu zeuden lantegietara bidali zituzten, Maginot lerroan edo frontean lan egin zezaten,[6] aberriratzearen mehatxupean. 1940ko ekainerako 800 preso baino ez zeuden eta, alemaniarrak zetozela jakitean, "C uhartetxoa", euskal herritarrena, utzi eta Hego Amerikara ihes egin zuten[3]. Maginot lerrora bidalitakoak (Marcelino Bilbao Bilbao edo José María Agirre Salaberria adibidez) naziek harrapatuak izan ziren. Mauthausen preso, bertan hil ez zirenak bost urte eman zituzten.
Hainbeste espainiarren artean izanik, gaztelania zen esparruko hizkuntza. Euskal herritarrek orkestra bat sortu zuten eta baita kirol-eremua eraiki ere. Eusko Jaurlaritzak, 2006ko maiatzean, kontzentrazio esparru hartan izandako iheslariei omenaldia egin zien, Gernikako arbolaren muskila landatuta eta Nestor Basterretxeak egindako plaka jarrita.[7]
Nafarroako Gobernuak ere egin zien omenaldia, 2017ko irailaren 30ean. Bertan korten altzairuzko oroitarri bat ipini zuen, esparrutik igarotako nafarren omenez. Ekitaldian egon zen Uxue Barkos presidentea, ondoan Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria eta Alain Rousset Akitania Berriko presidentea zituela.
Erreferentziak
aldatu- ↑ El Diario Vasco «El campo de Gurs fue sinónimo de resistencia vasca» 2006/VIII/8
- ↑ (Ingelesez) Berria.eus. «Gurseko kontzentrazio esparruan izan ziren iheslariak omendu dituzte» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-04-08).
- ↑ a b Auñamendi Entziklopedia.
- ↑ Juan Ramón Garai Celestino Uriarte. Klandestinitatea eta erresistenzia komunista, Txalaparta, 2006 ISBN 84-8136-471-1
- ↑ «Un republicano contra el Afrika Korps»; gaztelaniaz jatorriz, "Las condiciones eran críticas, morían cientos de personas aunque a los vascos nos tenían aparte y estábamos mejor; de hecho éramos los únicos que comíamos caliente"
- ↑ Laharie, Claude. (1993). Le camp de Gurs, 1939–1945, un aspect méconnu de l´histoire de Vichy. Societé Atlantique d´Ímpression ISBN 2-84127-000-9..
- ↑ Deia «El Gobierno vasco homenajeó a los refugiados vascos en el campo de Gurs (Francia)»
Bibliografia
aldatu- Josu Chueca: Gurs, el campo vasco. Tafalla: Txalaparta, 20006. 281 or. ISBN 9788481364903.
- Hamaika Telebista: Gerra Errefuxiatuak. Hezurren Memoria
Gurs, une drôle de syllabe, negar-zotin baten modukoa eztarritik ateratzea lortzen ez duena
|