Gobernu Irekia demokraziaren hastapenetan software askearen mugimenduaren filosofiatik abiatuta sortutako doktrina politikoa da. Gobernu Irekiak zerbitzu publikoen sorreran zein horien hobekuntzan, eta gardentasunaren zein kontu-emateen sendotzean herritarren parte-hartzea ditu helburutzat.[1][2]

Gobernu Irekian gardentasuna, parte hartzea eta lankidetza nola garatu azaltzen duen diagrama.

Kontzeptua 1970. hamarkadaren amaieran sortu zen Ingalaterran. Gobernuaren sekretismo jardunaren aurrean, honakoaren irekitze edo zabaltzea eta herritarren parte-hartzea ziren helburu nagusiak. Bi hamarkada geroago “open government” terminoa erabiltzen jarraitu zen, kontzeptuaren baitan informaziorako sarbide askea, datuen babesa eta Gobernua egiten ari den (edo egitea aurreikusten duen) jardunaren ezagutza kokatuz, hala herritarren iritziaren gauzatzeari bide emanez.[3][4]

Gobernu Irekia, Berrikuntza, Modernizazioa

aldatu

Hainbatek, Gobernu Irekia IKTen (Informazio eta Komunikazio Teknologiak) eta web 2.0.5-aren laguntzarekin administrazioaren markoaren hobekuntza soila dela ulertzen dute. Gobernu Irekiaren ideia, ordea, harago doa: berrikuntzaren kontzeptuari lotutako ideia bat da bereziki. Eraginkortasun, ekifazia eta kalitatean hobekuntza nabarmenak suposatzen dituzten prozesu berrien, produktuen, zerbitzuen eta metodoen sorrera eta inplementazioan oinarritzen da[5][6]. Gobernuaren baitako hobekuntza teknologikotzat ulertu daiteke, eta gainera, berrikuntzak zuzeneko harremana du herrialdeko administrazioari eransten zaion balio gehituarekin. Balio hori, kasu honetan, balio publikoa da (erakunde publikoaren kudeaketa eta administraziora bideratuta jarduerei balioa gehitzen zaienean sortzen da balio publikoa)[7].

Zergatik da beharrezkoa da berritzea, modernizatzea?

aldatu

Aro berrian sektore publikoaren garapenerako berrikuntza funtsezkoa dela, eta, are gehiago, herrialde bateko demokrazia indartsu mantentzeko oso garrantzitsua dela planteatzen du doktrina honek. Gainera, modu honetan, gobernuaren jardueren eta herritarrek dituzten beharren arteko orekatzea lortzen da, baita gertatzen diren akatsak hobetu eta politika publikoak modu ordenatu eta egokian garatzea ere[8].

Horretaz gain, kontutan hartu behar dugu erakundeen baitan berrikuntza arrakastaz burutzeko hainbat oinarri beharrezko direla. Esaterako, gatazkak ebazteko gunea (gatazkak ebazteko berrikuntzak), analisi eta ebaluazio kritikoen handitzea, berrikuntza gaitasuna edota faktore teknologikoak (berrikuntzak, neurri handi batean behintzat, faktore teknologikoen garapen onaren araberakoak izaten dira), besteak beste[5].

Oinarrizko kontzeptuak

aldatu

Gobernu Irekiak hiru zutabe nagusi ditu:[9]

  • Gardentasuna: Gobernu gardenak herritarren aurrean Administrazioaren kontu-ematea bermatzen du, egiten ari denaren eta bere planen informazioa ematearekin batera. Edozein administrazio publikok, modu sinple eta argian, informazio publiko horretarako sarbidea bermatu behar luke, modu honetan herritarren gobernuaren jardunaren kontrol bat egin ahal izan dezaten. 
  • Lankidetza: Gobernu kolaboratiboak herritarrak eta bestelako eragileak Administrazioaren lanean inplikatu eta konprometitzen ditu. Elkarlanak herritarrekin zein enpresa, elkarte eta bestelako eragileekin kooperazioa suposatzen du alde batetik, baina baita Administrazioaren baitan funtzionario eta bestelako Administrazioekiko harremana ere.
  • Parte-hartzea: Gobernu parte-hartzaile batek, alde batetik, herritarrek politika publikoen sorrerak aktiboki parte hartzeko eskubideari bide ematen dio, eta bestetik, Administrazioa herritarren ezagutza eta esperientziatik elikatzera gonbidatzen du. Beraz, herritarrek gai publikoetan duten inplikazio eta protagonismoa handitzeko jardunak sustatzen ditu, era honetan indar politikoak bere herritarrekin indar handiagoz konprometituz.

Edukia

aldatu

Gardentasun, Parte-hartze eta Lankidetza printzipioak Gobernu Irekiaren hainbat estrategiatan gauzatu ziren, honakoak martxan jartzen dituen herrialdearen arabera desberdinak izanda, baina bi oinarri errepikatuz:

  • Datu publikoen irekiera (Open Data). Sektore publiko informazio eta datuak argitaratzea edo publiko egitean eta mundu guztiarentzat eskuragarri eta irisgarriak izatean datza, inolako murrizketarik gabe. Honakoak hirugarren pertsonek erabilita balio berria sortu ahal izango da; ariketa honi SPIB (Sektore Publikoko Informazioaren Berrerabilpena) deitzen zaio. Ezagutarazten den informazio guztia (osoa, mundu guztiarentzat eskuragarria, doakoa eta ez mugatua izan behar dena) berrikuntzarako insumo bihurtzen da, gobernuaren gardentasuna handituz eta kontu-hartzea hobetuz.
  • Prozesuak martxan jartzea eta sare sozial zein herritarren parte-hartzerako plataformen erabilera (Open Action). Gobernuaren erabakietan herritarren parte hartzea errazteko zein politika publikoen formulazio prozesuetan zein honakoen exekuzioan herritarren elkarlana sustatzeko martxan jartzen diren ekintzak dira honakoak.[10][11]

Datu publikoen irekierarekin eta herritarrek horietara duten irisgarritasuna bermatuz gardentasun-maila hobetzea lortzen da; herritarrek gizartearen, instituzio publikoen zein honakoen kudeaketaren egoeraren inguruko iritzia sortu dezakete; ustelkeria saihesten da; gobernuaren erabakietan parte-hartze publikoa sustatzen da; herritar eta erakunde sozialei beren eskubideak egikaritzea errazten die; gobernuaren prozesuetan konfiantzak gora egiten du; administrazio publikoaren eraginkortasuna (eta beraz, lehiakortasuna) handitzen du, honakoak kudeatzen dituztenen jarduna legitimatuz.

Amaitzeko, garrantzitsua da argitzea Administrazioaren edo politikarien informazioa Twitter, Facebook edo bestelako sare sozialen bidez soilik eskaintzea ez dela Gobernu Irekia egitea. Kasu horretan, egiteko moduari dagokionez, aldatzen den gauza bakarra komunikatzeko erabilitako tresnaren berritasuna da. Open Governmentari buruz ari garenean, egiazko entzute aktiboa praktikatzeaz ari gara, herritarren eskaerak kontutan hartzeaz eta elkarlanezko adostasunetara iristeaz. Gizartea azkar digitalizatzen ari da, baina Gobernu Irekia ez da tresna berriak erabiltze hutsarekin egiten[12].

Abantailak eta desabantailak

aldatu

Abantailak[13]

aldatu
  • Egungo demokrazietan parte-hartze eta ordezkaritza arazoen konponbidea. Alde batetik, hainbat autore eta ikerketek baieztatzen dutenez, egungo demokraziek gardentasun defizita sufritzen dute; eta bestetik, instituzioek martxan jartzen dituzten parte-hartze bideak, orokorrean, oso gutxi izaten dira. Egoera horrek ordezkaritza arazoak sortzen ditu; arazo horiek konpontzeko benetako kontu-hartzea (eta beraz, ahalik eta gardentasun handiena) eta parte-hartzea handitzea behar da. Open Data eta Open Action planteamenduekin, bi erronkak bete daitezke, hurrenez hurren.
  • Instituzioen barne-funtzionamenduaren hobekuntza. Esku-hartzea non behar den identifikatzeko gaitasuna handitzearekin administrazioen funtzionamenduak hobetzeko joera izaten du.
  • Hartutako erabaki politikoen zilegitasun handiagoa.

Desabantailak

aldatu
  • Lobbyen balizko ahalduntzea.
  • Parte hartzea modu nabarmenean haziko ez balitz eta Gobernu Irekiak martxan jarritako plataformetan parte hartzen dutenen erabaki eta iritziak soilik hartuko balira kontutan, egiazko ordezkaritzatik urrun egongo litzateke.

Erreferentziak

aldatu
  1. Cobo, Cristobal (2013). Gobierno Abierto: de la transparencia a la inteligencia cívica. Info-DF. p. 107.
  2. Lathrop, Daniel; Ruma, Lauren (2010). Open Government: Collaboration, Transparency and Participation in practice. Sebastopol: O'Really Media. pp. 92-93. ISBN 978-0596804350.
  3. .
  4. .
  5. a b Ramírez Alujas, Álvaro. (2012-12-01). «Gobierno abierto, servicios públicos 2.0 y ciudadanía digital. Notas para una nueva agenda de modernización de la gestión púlica en Iberoamérica» Administración y Desarrollo 40 (56): 51.  doi:10.22431/25005227.342. ISSN 2500-5227. (Noiz kontsultatua: 2018-09-27).
  6. Ramírez-Alujas, Álvaro V.. (2012-07-30). «Innovación en las organizaciones y servicios públicos: ¿El eslabón perdido? Bases para la transición hacia un modelo de innovación abierta y colaborativa» Revista Estado, Gobierno y Gestión Pública 0 (19)  doi:10.5354/0717-6759.2012.21177. ISSN 0717-6759. (Noiz kontsultatua: 2018-09-27).
  7. Harrison., Moore, Mark. (2011). Gestión estratégica y creación de valor en el sector público. Paidós ISBN 9788449305849. PMC 912481444. (Noiz kontsultatua: 2018-09-27).
  8. Batley, Richard; Larbi, George. (2004). «Changing Approaches to Public Sector Management» The Changing Role of Government (Palgrave Macmillan UK): 31–53. ISBN 9781349408573. (Noiz kontsultatua: 2018-09-27).
  9. .
  10. .
  11. .
  12. «Contexto del gobierno abierto en América Latina» Gobierno Abierto en América Latina (OECD Publishing): 27–42. 2015-02-02 ISBN 9789264225770. (Noiz kontsultatua: 2018-09-27).
  13. «TFG. Gobierno Abierto en Democracias Contemporáneas». Universidad Autónoma de Madrid , Facultad de Derecho.

Kanpo estekak

aldatu