Euzko Mendigoxale Batza
Euzko Mendigoxale Batza edo Euzkadi Mendigoxale Batza[1] (EMB) erakunde abertzale bat izan zen. Erakunde hau bere hastapenetan Euzko Gaztedi erakundearen barnean egon zen.
Euzko Mendigoxale Batza | |
---|---|
Datuak | |
Mota | bazkuna |
Herrialdea | Espainia |
Agintea | |
Lehendakaria | Elias Gallastegi |
Egoitza nagusi | |
Historia | |
Sorrera | 1921 |
Sorlekua | Arrate |
Aurrekoak | Bizkaia Mendigoxale Batza eta Gipuzkoa Mendigoxale Batza |
Koloreak |
Historia
aldatuArrate, 1921eko apirilaren 3a. Abertzale eta mendizale mordoa (Bizkaiko 18 talde, Gipuzkoako 10 eta Arabako bat), Kalamuan tontorra egin ondoren, Arraten bildu zen eta, hantxe sortu zen ofizialki Euzko Mendigoixale Batza.[2]
Indar handia hartu zuen berehala EMBk. Lurralde guztietako datu zehatzik ezean, badakigu sortu eta 10 urtera, Bizkaiko Mendigoixale Batzak Betsaiden batzarra egin zuenean, 40 azpitaldek eta 1.000 bazkide baino gehiagok osatzen zutela elkartearen Bizkaiko saila. Hurrengo urtean mendigoixaleek sustatutako Jagi-Jagi aldizkaria sortu zen eta astero 20.000 aleko tirada banatzera iritsi ziren. Urte berean, 1932an egin zen lehen Aberri Eguna Bilbon, eta han EMBko 5.000 kide inguruk desfilatu zuten, uniforme eta guzti.[2]
EMB sortu eta hiru urtera, 1924ko maiatzean sortu zen Euskal Mendizale Federazioa Elgetan. Baina EMB lehenago sortu izanak ez du esan nahi euskal mendizaletasuna mendigoixaleekin batera jaio zenik, haiek izan zirenik aitzindariak. 1877koak dira euskal mendizale talde antolatu bati buruzko lehen kronikak; Ganekogortoak esan zioten talde bizkaitar hari. Eta federazioa sortu zenean, aurrez antolatuta zeuden Arabako 3 talde, Nafarroako 5, Gipuzkoako 30 eta Bizkaiko 36 bildu ziren.[2]
Abertzale mendizaleak ere ez ziren EMB jaiotzean bat-batean sortu; 1908an badugu dagoeneko EAJk antolatutako mendizale talde batzuen berri, auzoz auzo eta baserriz baserri Sabino Aranaren doktrina zabaltzen ibiltzen zirenak.[2]
Beraz, mendizaletasun politikoa eta kirol mendizaletasuna bateratsu ari ziren antolatzen, paraleloan, baina ez nahastuta. EMBko kideak ez ziren, teknikoki, “mendigiozaleak”, ez zituzten goi mendiak jomuga eta haien jarduna metro batzuk beherago egin ohi zuten, txangoetan ideia nazionalistak zabalduz, eskuorriak eta aldizkariak banatuz, mitinak antolatuz… Gorabehera politikoek ere eragiten zieten: EAJren barne eszisioek mendigoixaleen artean ere zatiketak ekarri zituen eta gerrak jipoi handia eman zion elkarteari, sortutakoa itzaltzeraino.[2]
Sabino Aranaren biografo Ceferino Jemein Keperin-ek (1887-1965) Sabino bera eta haren anaia Luis jo zituen lehenengo “mendigoixaletzat”, Sabino 1903an hil arren. Eta EMBko kideak bi hitzetan definitu zituen: abertzaletasunagatiko mendizaleak. Mendia ez zelako helburua, tresna politikoa baizik.[2]
Erreferentziak
aldatu- ↑ Larrinaga, Zihara Jainaga. «Mendizale baino gehiago, abertzale» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-03-25).
- ↑ a b c d e f Nagore Irazustabarrena, «Mendigoixaleak: abertzale eta mendizale», Argia, 2021-04-25, CC-BY-SA lizentzia
Ikus, gainera
aldatu- Jagi-Jagi (1932)
- Mendigoixaliarena
- Mendirik mendi
- Aberri Emakume Batza
- Aberri Gastetxu Batza
- Abertzale Ikasle Batza
- Patria Libre - Aberri Azkatuba aldizkaria
Kanpo estekak
aldatu- Euzko Mendigoxale Batza. Auñamendi entziklopedia (Gaztelaniaz)
- Zubimendi, Mikel. Mendian gora aberria askatzeko irrintzia dabil. Naiz