Detergente

Osagai nagusitzat agente tentsioaktibo bat duen produktua. Substantzia horren molekulak kate hidrokarbonatu batez eta buru ioniko batez osatuak daude. Beste osagai garrantzitsu batzuk lagungarriak dira (builders direlakoak).

Detergentea agente tentsoaktibo bat da, edo agente tentsoaktiboen nahastura bat, soluzio diluituetan garbitzeko propietateak dituena.[1] Substantzia horiek, oro har, alkil bentzeno sulfonatoak dira, hau da, xaboiaren antzekoak diren konposatuak, baina ur gogorrean disolbagarriago direnak, zeren eta detergenteetako sulfonato polarrak ur gogorreko kaltzioari eta beste ioiei lotzeko aukera gutxiago ditu, xaboiko karboxilo polarrak baino. Etxeetako inguruneari dagokionez, gehienetan, detergente terminoak «arropa garbitzeko detergentea» edo «harrikoa egiteko detergentea» esan nahi du.

Detergenteak

Detergenteak hauts gisa edo soluzio kontzentratu gisa izaten dira eskuragarri. Detergenteek, xaboiek bezala, anfifilikoak direlako egiten dute beren lana: hots, zati batean hidrofiloak dira (polarrak), eta zati batean hidrofoboak (ez-polarrak). Bitariko izaera horri esker, detergenteak ahalbidetzen du konposatu hidrofobikoak (adibidez, olioa eta koipea) urarekin nahastea. Airea hidrofiloa ez denez, detergenteak agente apartzaile ere badira, neurri handiagoan edo txikiagoan.

Historia

aldatu

Errauts eta xaboi sinpleen ondotik, lehen detergente edo garbitzeko produktu sintetikoak XIX. mendearen hasieran sortu ziren. 1813an Edmond Frémyk oliba olioa eta errizino-olioa azido sulfurikoarekin elkartu zituen lehen xaboi sintetikoa lortzeko; hiru urte beranduago Friedlieb Ferdinand Rungek aurkitu zuen produktu hau, Turkiako Olio Gorria, eraginkorra zela garbiketarako[2]. Euskal Herrian bi enpresa sortu ziren 1860ko hamarkadan xaboiak egiteko: lehena Lagarto[3], bigarrena Chimbo[4]; mende amaieran iritsi zen Bilore. AEBn Ernst Twitchellek 1898an Twitchell prozesuaren bidez xaboi sintetiko komertziala sortzeko bidea aurkitu zuen[5]. 1907an Otto Röhmek entzimak erabili zituen detergente batean. Röhm & Haas sortu zuen eta bere aplikazioarekin 1914an jada garbiketarako detergenteak ekoizten zituen; 1920an Burnus izeneko produktua sortu zuen, Alemanian gehien erabilitako detergentea[6]. 1910ean kotoia leuntzeko lehen produktu sintetikoak garatu ziren[7].

Lehen Mundu Gerrak olioaren eta gantzen murrizketa handia eragin zuen, eta enpresa asko guztiz sintetikoak ziren xaboien garapena ikertzen hasi ziren. Alemanian I.G. Farbenindustek esterrak sodio metalikoarekin erreduzituz alkohol oleikoak sortu zituen; Erresuma Batuan Imperial Chemical Industriesek Lissapol produktua sortu zuen; American Cyanamid and Chemical Corporationek azido sukzinikoaren esterrekin egiten ziren Aerosol eta Vatsol produktu komertzialak[2]. 1930eko hamarkadan elementu tentsoaktiboak aurkitu ziren, xaboi tradizionala zokoratzen lagundu zuen asmakizuna. 1932an Procter & Gamblek Dreft detergentea sortu zuen, guztiz sintetikoa; produktua arrakastatsua izan zen, baina ez zuen ondo garbitzen ur gogorretan. 1941ean David Byerlyk aurkitu zuen sodio tripolifosfato gutxi botata arropa gogor geratzen bazen ere, asko botata, garbitu eta leun geratzen zela. Honela jaio zen Tide detergentea, arrakasta itzela izan zena[8].

Bigarren Mundu Gerran fibra sintetikoak egiten hasi ziren, ez zegoelako kotoi eta artile nahikorik. DuPontekek nylona bezalako produktuak sortu zituen, garbitzeko prozesu ezberdina zutenak. Gerran ere, etxeko olioa birziklatzeko kanpaina jarri zen abian AEBn. 1946an arropa sintetikoek zuten elektrizitate estatikoa kentzeko produktuak garatu ziren[9]. 1948an dietanolamidak erabilita detergente likidoak garatu ziren[10]. Asmakuntza hauekin, 1950ko hamarkadan AEBn detergente sintetiko gehiago saldu ziren xaboi klasikoak baino. 1957an Unileverrek urea erabili zuen leuntzaile gisa[11]. 1960an lehen leuntzaile likidoa sortu zen, eta jada hamarkada horretan marka askok antzeko produktuak atera zituzten, oihal berriak sortzearekin batera[7], eta 1968an amonio kuaternarioa erabiltzen zuen lehen leungailua patentatu zen; hamarkada bat beranduago Colgate-Palmolivek borohidratoa zuen konposatu bat erabilita, arropa horitzea ekiditen zuen leungailua sortu zuen[12]. Arropa zuritzen zuen lehen leungailua 1978an patentatu zen.

Arropa zuritzeko produktuak gero eta ohikoagoak izan ziren 1990ko hamarkadatik aurrera. P&Gk 1991n polimero fluoreszenteak zituen detergente bat sortu zuen, eta urte batzuk lehenago koloretan erabil zitekeen lixiba. 1998an usain ona pixkanaka askatzen zuen material solidoa patentatu zen, garbitzerakoan batera arroparen usaina hobetzeko[13]. Downyk produktu hau orokortu zuen AEBn hamarkada bat beranduago[14]. 2020ko hamarkadan, detergente gehienak nahasketa kimiko konplexua dira, elementu tentsoaktiboekin, ura leuntzeko kimikoekin, lixibekin, entzimekin, zuritzaile optikoekin, polimeroekin eta leuntzaileekin[15].

Erreferentziak

aldatu
  1. http://goldbook.iupac.org/D01643.html
  2. a b HARWOOD, F. COURTNEY. (1957). «MODERN DETERGENTS» Journal of the Royal Society of Arts 105 (5003): 467–484. ISSN 0035-9114. (Noiz kontsultatua: 2021-06-23).
  3. «ABC MADRID 11-11-1964 página 28 - Archivo ABC» abc 2019-08-13 (Noiz kontsultatua: 2021-06-23).
  4. «Jabón Chimbo, Jabón tradicional puro, desde 1863» www.jabonchimbo.com (Noiz kontsultatua: 2021-06-23).
  5. (Ingelesez) «Twitchell Process: (Twitchell Hydrolysis)» Comprehensive Organic Name Reactions and Reagents (John Wiley & Sons, Inc.): conrr631. 2010-09-15  doi:10.1002/9780470638859.conrr631. ISBN 978-0-470-63885-9. (Noiz kontsultatua: 2021-06-23).
  6. (Ingelesez) Spooner, Anna. «Who Invented Laundry Detergent» LoveToKnow (Noiz kontsultatua: 2021-06-23).
  7. a b «How fabric softener is made - history, used, parts, composition, procedure, product, industry, machine, History, Design» www.madehow.com (Noiz kontsultatua: 2021-06-23).
  8. (Ingelesez) «Development of Tide laundry detergent receives historical recognition» EurekAlert! (Noiz kontsultatua: 2021-06-23).
  9. «Historpedia - Fashion During WWII (Fall 2012)» sites.google.com (Noiz kontsultatua: 2021-06-23).
  10. Longman, George Frederick. (©1975 [1976]). The analysis of detergents and detergent products. Wiley ISBN 0-471-54457-4. PMC 1218417. (Noiz kontsultatua: 2021-06-23).
  11. (Ingelesez) Fabric softener containing urea inclusion compound of hydrogenated tallow quaternary ammonium salt. 1957-11-25 (Noiz kontsultatua: 2021-06-23).
  12. (Ingelesez) Textile softener composition. 1967-11-29 (Noiz kontsultatua: 2021-06-23).
  13. «Goldschmidt earns fabric softener patent» Focus on Surfactants 2003 (6): 5. 2003-06  doi:10.1016/s1351-4210(03)00634-6. ISSN 1351-4210. (Noiz kontsultatua: 2021-06-23).
  14. «Downy History - Learn More About Downy | Downy» downy.com (Noiz kontsultatua: 2021-06-23).
  15. «Keeping up with detergent chemistry» www.aocs.org (Noiz kontsultatua: 2021-06-23).

Kanpo estekak

aldatu