Benita Uribarrena

borrokalari antifrankista

Benita Uribarrena Bollaín (Durango, Bizkaia, 1922ko martxoaren 16aLe Soler, Ipar Katalunia, 2011ko urriaren 12a) borrokalari antifaxista izan zen. PCEko militantea izan zen, eta Emakume Antifrankisten Espainiako Batasuneko ekintzailea.[1] Frantziako Erresistentzian ere parte hartu zuen Bigarren Mundu Gerran; hori dela eta, kondekorazioa jaso zuen.[2]

Benita Uribarrena

Bizitza
JaiotzaDurango1922ko martxoaren 16a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaLe Soler2011ko urriaren 12a (89 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
euskara
Jarduerak
JarduerakErresistentziaren kidea
Jasotako sariak
Zerbitzu militarra
Adar militarraFrantziako Erresistentzia
Parte hartutako gatazkakBigarren Mundu Gerra
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Espainiako Alderdi Komunista
Emakume Antifaxisten Elkartea

Bizitza

aldatu

Lehen urteak eta Espainiako Gerra Zibila

aldatu

Ama, Benita Bollaín Bilbao, komunista zuen, eta Durangoko Ezkurdi plazan zegoen prentsa kiosko bateko arduraduna, hortik zetorkion Benita la Periodista (Benita Kazetaria) goitizena. Espainiako II. Errepublika aldarrikatzen aitzindaria izan zen Durangon; ondorioz, atxilotu egin zuten.[3]

Aitak, Santiago Uribarrena Munitxak, ekintzaile sozialistak, trenbideetan lan egiten zuen, eta atxilotu egin zuten 1934ko urriko grebetan. Guardia zibilek ibaian sartuta torturatu zuten, gordeta zeuzkaten armak atera zitzan. Abendu hotzean larriki gaixotu zen, eta handik egun batzuetara hil zen. 1934ko abenduaren 30ean izan zen haren hileta zibila, Durangon egin zen era horretako lehena.

Benita lau neba-arrebetan gazteena zen. 1937ko martxoaren 31n Durangok jasan zuen bonbardaketaren ondoren, 15 urte zituela, ihes egin behar izan zuen, amarekin eta ahizparekin batera. Hirurak Frantziara heldu ziren urte hartako ekainean, Habana itsasontzian.

Erbestea

aldatu

Frantzian zela, hotel batean hasi zen beharrean, eta bere konpromiso politikoa sendotu egin zuen, PCEren mezulari lanetan hasi zen klandestinitatean eta Ekialdeko Pirinioetatik zihoazen iheslariak gidatzen ere jardun zuen.

1944an Frantziako Erresistentzian sartu zen eta handik urte betera atxilotu egin zuten dirua eta paper konprometigarriak aurkitu zizkiotelako. Hilabete baino ez zuen espetxean egin behar izan, Frantzia liberatu egin baitzen. 2000. urtean Frantzian kondekoratu zuten, Erresistentziako partaide izateagatik.

 
Benita Uribarrena parkeko plaka

Uribarrenak bere bizitzako urterik gehienak Le Solerren (Ipar Katalunia) eman zituen. Beste behar batzuen artean, han erbesteratuta zegoen Pau Casals kataluniar biolontxelista errepublikanoaren etxean egin zuen lan.

Omenaldiak

aldatu
  • 1989ko maiatzaren 12an, 52 urte erbestean igaro ondoren, Durangora itzuli zen, lehen aldiz. Egun bat besterik ez zuen bere jaioterrian egin, bere senarraren gaixotasuna zela-eta Frantziara itzuli behar izan baitzuen.
  • Durangoko Udalak Benita Uribarrena izena eman zion udalerriko Arte eta Historia Museoaren ondoko parke bati, frankismoaren kontrako emakumeen borrokaren sinbolo gisa. Aipatutako parkea 2017ko urriaren 6an inauguratu zen.[4][5]
  • 2022an Benitaren jaiotzaren mendeurrenean Durangoko Udalak omenaldia egin zion[6].[7] [8][9] Benitaren konpromisoa eta kemena azpimarratu zituzten hizlariek eta bertsolariak[10][11][12]Ekitaldiaren amaieran Benitaren alaba Marina Fuster Uribarrenak[13] bidalitako lore-sorta eta Udalarena jarri zituzten Ima Garrastatxu Durangoko alkateak eta Julian Rios alkateordeak Benitaren oroigarriaren ondoan.[14] Kristina Mardaras iurretar bertsolariak honako bertsoak eskaini zizkion Benitari mendeurren omenaldian:
 
Mendaurren omenaldia

Imajinatzen zaitut Benita

hamabost urteko neska,

errurik gabe, norbaitek sortu

duen gerratik iheska

Ez dakizula nori zuzendu

egin zentzaken protesta

Irrifarrik ez, dena tristura

zer izango dena(re)n kezka

Nora goaz ta non biziko naiz?

zure geroan galdezka.

Hementxe jaio zinen, Durangon,

Benita Uribarrena

eta bizirik mantendu gura

dogu oroimena.

Miresten dogu zure ekina,

konpromiso ta kemena.

Eta eskerrak emon nahiean

antolatu dogu dena.

Zuretzat dira gure txaloak,

loreak eta omena.

Erreferentziak

aldatu
  1. (Gaztelaniaz) «Benita Uribarrena, toda una vida de lucha antifascista» Euskal Irrati Telebista 2020-03-20 (Noiz kontsultatua: 2020-05-09).
  2. «Benita Uribarrena Bollain: durangar erresistentea» Durango1936.org 2017-02-06 (Noiz kontsultatua: 2018-06-21).
  3. (Gaztelaniaz) Gorriti, Iban. (2012-10-29). «Dos mujeres vizcainas, clandestinas de la historia» Nabarralde (Noiz kontsultatua: 2020-05-09).
  4. «Aurora Abasolo, Benita Uribarrena eta Bixenta Mogel, Durangoko kale-izendegian» https://anboto.org (Noiz kontsultatua: 2018-06-21).
  5. «Benita, una de las dos duranguesas con un parque a su nombre en la villa, cumpliría hoy 98 años» Mugalari Kultura 2020-03-16 (Noiz kontsultatua: 2020-03-18).
  6. «Omenaldian parte hartu zutenen adierazpenak eta bertsoak. Ima Garrastatxu alkatesa, Julian Rios alkateordea, María Gorosarri aurkezlea eta Cristina Mardaras bertsolaria.» durangoirratia.durango.eus (Noiz kontsultatua: 2022-03-19).
  7. «Reivindican el "coraje y compromiso" de Benita Uribarrena en el centenario de su nacimiento | dotb Durangaldeko Telebista» dotb.eus 2022-03-16 (Noiz kontsultatua: 2022-03-16).
  8. «"Benita conoció desde muy niña lo que es luchar por la justicia"» durangon.com 2022-03-16 (Noiz kontsultatua: 2022-03-16).
  9. «Faxismoaren aurka aritu zen Benita Uribarrena omendu dute Durangon» Bizkaiko Hitza 2022-03-18 (Noiz kontsultatua: 2022-05-02).
  10. «[BIDEOA Benita Uribarrenaren “kemena eta konpromisoa” aldarrikatu dituzte bere omenaldian - Durango»] Anboto.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-17).
  11. «“Benita Uribarrena Euskal Herriko borroka antifaxistatik Europako erresistentziara salto egin zuen lehenengo erresistentea izan zen” - Durango» Anboto.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-17).
  12. «Reivindican el "coraje y compromiso" de Benita Uribarrena en el centenario de su nacimiento | dotb Durangaldeko Telebista» dotb.eus 2022-03-16 (Noiz kontsultatua: 2022-03-17).
  13. ««Mi madre no rehusaba ninguna misión; crecí inmersa en luchas»» andra.eus 2022-03-16 (Noiz kontsultatua: 2022-03-16).
  14. ««En estos momentos de guerra Benita nos marca el camino»» El Correo 2022-03-16 (Noiz kontsultatua: 2022-03-16).

Kanpo estekak

aldatu