Batan

Euskal Herriko ibaia

Batan[1] Gasteizko (Araba) erreka bat da, Zadorra ibaiak ezkerretik duen adar nagusietako bat.

Batan
Berroztegieta, Txirrio, Abendañu
Motaibai
Geografia
Map
Koordenatuak42°52′28″N 2°41′02″W / 42.874498°N 2.683865°W / 42.874498; -2.683865
KokapenaEuskal Herria
Hidrografia
Arro hidrografikoaZadorraren arroa
IturburuaGasteiz
Bokalea
()
Zadorra

Ibaiek hainbat izen izatea ohikoa zen antzina, ibilguaren zati bakoitzean izen bat jartzen baitzitzaion:

  • Abendañu: erreka Abendañu (gaztelaniaz, Abendaño) herritik igarotzen zenez, izena hartu zion herriari.[2] Gaur egun, Gasteizko auzoa da Abendañu, eta alde horretan oraindik auzoaren izenarekin da ezaguna erreka.[3][4]
  • Batan: errekaren ertzean, uraren indarra baliatuz oihalak trinkotzeko mailuak zerabiltzaten makinak jarri zituzten, orain erreka Gasteizko hirigunean sartzen den tokian. Makina horien izena, gaztelaniaz, batán da, eta toki horrek El Batán izena hartu zuen; horregatik eman zioten errekari ere Batan izena, XIX. mendean.[2] Gaur egun, hain zuzen ere, Batan da errekaren izenik erabiliena, eta Euskaltzaindiak euskara baturako onartu duena.[1]
  • Berroztegieta: erreka Berroztegieta herritik igarotzen denez, Berroztegieta izena ere badu zati horretan.[5]
  • Txirrio: txirrio hitzak, euskaraz, «txorrota, ur emari txikia» esan nahi du, eta Arabako gaztelanian «errekasto» esanahiarekin gorde zen. Gasteizen, bertako industriak zikindutako erreka horri mespretxuz Txirrio zeritzon,[2] bai eta hiriko beste hainbat errekari ere.[6] XX. mendean ere, gasteiztarrek gaztelaniaz «¡Vete al Txirrio!» esan ohi zuten, «zoaz pikutara!» esanahiarekin.

Ibilbidea

aldatu
 
Batan erreka Gasteizko sarreran.

Gasteizko mendietan sortzen da, Zaldiaran mendian zehazki, eta iparralderantz jotzen du; Eskibel eta Berroztegieta herriguneen ekialdetik eta Lasarte (Gasteiz) herrigunearen iparraldetik igarota, Gasteizko hirigunea zeharkatu (estalita, Frai Frantzisko pasealekutik behera) eta, Lakua zeharkatu ondoren, Ibaiondon, Zadorrara isurtzen da.

Egoera ekologikoa

aldatu

Gasteizko hiriguneraino, ur garbiko erreka da Batan. Gasteizko hirigunean egiten duen tartean, ordea, lurperatuta eta egoera ekologiko kaskarrean dago. Izan ere, orain, lurpetik doan tarte horretan, ur zikinak isurtzen zaizkio Batani, nahiz eta urak Zadorrara isuri aurretik araztu egiten zaizkion. Gasteizko Eraztun Berdearen proiektuaren barruan, Udalaren asmoa da tarte horretan ere erreka azaleratzea eta ekologiaren aldetik oneratzea.[7] Lan horiekin, gainera, erreka artifizialki lurpera sartzen den tokian —Gasteizko hirigunearen hegoaldean— sarri izaten diren uholdeak eta ur zikinen azaleratzeak saihestuko dira.[8][9]

Gasteiz mendietatik Gasteizko hirigunerainoko tartean ere, erreka bazterreko jatorrizko landareditik zuhaitz ale bakan batzuek baizik ez dute iraun. Gasteizko Udalak ibar basoak berriz ezartzeko hainbat proiektu egin du. Landaredi hori ere lagungarria litzateke uholdeak saihesteko, ibar basoek ibaien emaria erregulatzen baitute, euriteetan ura gordez eta lehorteetan ura askatuz. Gainera, Gasteizko Eraztun Berdea osatzeko balioko lukete, eraztunaren bi etengune nagusietako bat baita Gasteizko hegoaldeko ingurune hori, aspaldiko urteotan.[10]

Erreferentziak

aldatu
  1. a b Euskaltzaindia: 166. araua: Euskal Herriko ibaiak.
  2. a b c «Fotos de Vitoria y sus alrededores (2)», Gorrilunurdinak bloga. Ikus orri horretako azken bi mezuak, Txapi20 erabiltzailearenak, 2012-03-17koak.
  3. Daniel GONZÁLEZ: «Enzo Geraci, decano de la comida italiana en Vitoria: "Cuando llegué a esta ciudad, nadie conocía la pizza"», El Correo, 2011-11-06.
  4. Nerea PÉREZ DE NANCLARES: «San Martín cumple 50 veranillos», El Correo, 2011-11-20.
  5. Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofiziala, 91. zenbakia, 2010-08-13. Ikus 9726. orrialdea.
  6. «Fotos de Vitoria y sus alrededores», Gorrilunurdinak bloga. Txapi20 erabiltzailearen mezua, 2010-04-17ko 13:47koa.
  7. «Recuperar el río Batán: una "locura maravillosa" o un atrevido reto»[Betiko hautsitako esteka], Diario de Noticias de Álava, 2012-03-21.
  8. «Vitoria elevará a la superficie los ríos del Sur para evitar inundaciones», Diario de Noticias de Álava, 2009-12-18.
  9. «Las recientes precipitaciones provocan, nuevamente, inundaciones en El Batán»[Betiko hautsitako esteka], Diario de Noticias de Álava, 2009-11-03.
  10. «Vitoria afronta por fin el reto de cerrar el Anillo Verde desde Armentia a Salburua», Diario de Noticias de Álava, 2011-07-02.

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu