Álvaro Untoria
Untoria | ||||
---|---|---|---|---|
Izen osoa: | Álvaro Untoria Hervías | |||
Jaiotza data: | 1990eko urriaren 17a (34 urte) | |||
Jaioterria: | Naiara (Errioxa, Espainia) | |||
Pilotaria | ||||
Modalitatea: | esku huskako pilota | |||
Egungo enpresa: | Aspe | |||
Postua: | atzelaria | |||
Altuera: | 1,88 m | |||
Pisua: | 91 kg | |||
Debutatze data: | 2011ko uztailaren 2a | |||
Debutatze pilotalekua: | Naiara (Errioxa) |
Álvaro Untoria Hervías, pilotaren arloan Untoria deituraz ezaguna (Naiara, Errioxa, 1990eko urriaren 17a), esku huskako pilotari profesionala da. Atzelari aritzen da, Aspe enpresarekin. Estatistika ofizialek diotenez, 1,88 m luze da, eta 91 kilo pisatzen du. Profesionaletako lehendabiziko partida 2011ko uztailean jokatu zuen, jaioterriko pilotalekuan, Asegarce enpresarekin (2019ko urtarrilaren hasieran aldatu zen Aspe enpresara).[1] Oso pilota gutxi galtzen duen pilotaria da, jokalekuan ederki mugitzen dena eta tarteka pilota ederki gozatzen duena, nahiz eta jotzaile handia ez izan. 2015ean, Esku Huskako Binakako Pilota Txapelketa Nagusia irabazi zuen, Bengoetxea VI.a aurrelaria lagun.[2]
2013an, bigarren mailako hiru finalak eta sanmateoetako torneoa jokatu zituen, lehen mailan sartzekotan zen. Urte hartako urrian, ordea, partidetan eskua handitzen hasi zitzaion: likidoak pilatzen zitzaizkion ukondotik behera. Sei hilabetez ondo jokatu ezinda ibili zen, gaitzaren jatorria aurkitu ezinda, harik eta eskuko min txiki baten erruz pilota jotzeko postura txarra hartu zuela aurkitu zioten arte.[3] Gaitza konponduta, 2014aren bukaeran maila onean jokatzen aritu zen, eta Andoni Aretxabaletaren ordez Esku Huskako Binakako Pilota Txapelketa Nagusian sartu zuten, Oinatz Bengoetxea aurrelaria lagun. Maila ikusgarria eman zuen txapelketan, eta, horri esker, Bengoetxea-Aretxabaleta bikotea hasierako ligaxkaren zatirik handienean sailkapenaren erditik behera (kanporatuko zituztenen artean) ibili eta gero, Bengoetxea-Untoria finalerdietarako sailkatu ziren lehenik, eta finalerako gero. Finalean, 22-7 irabazi zieten Berasaluze II.ari eta Zubietari.
Kirol lorpenak
aldatuEsku huskako pilotan, hauek ditu lorpen nagusiak:
Profesionaletan
aldatu- 2015eko Binakako txapelduna.
- 2013ko bigarren mailako buruz buruko txapelduna.
- 2013ko bigarren mailako binakako txapeldunordea.
Amateurretan
aldatu- 2011ko buruz buruko GRAVN txapelduna.
- 2010eko Munduko Binakako txapelduna.
Erreferentziak
aldatu- ↑ (Gaztelaniaz) «Untoria deja por sorpresa Asegarce y el domingo debuta con Aspe» La Rioja 2019-01-04 (Noiz kontsultatua: 2019-01-07).
- ↑ «Bengoetxea VI.arentzat eta Untoriarentzat, binakako txapela», Berria, 2015-04-26.
- ↑ Imanol MAGRO EIZMENDI: «Untoriaren kasu bitxia», Berria, 2015-04-22.