Inflazioa ondasun eta zerbitzuen prezioen maila orokorraren igoera iraunkorrari deritzo. Inflazio egoera batean, soldatak eta diru sarrerak maila berean gehitzen ez badira, familiek eta pertsonek ondasun eta zerbitzuak erosteko ahalmena galtzen dute, salneurriak igotzean moneta unitate bakoitzarekin ondasun eta zerbitzu gutxiago eskura baitaitezke. Inflazioa neurtzeko, Kontsumorako Prezioen Indizea erabiltzen da. Indize horrek gehien kontsumitzen diren ondasun eta zerbitzuak biltzen ditu bere baitan eta prezioen maila orokorraren bilakaera erakusten du. Inflazio tasa Kontsumorako Prezioen Indizeak denboran zehar dituen aldaketak neurtuz kalkulatzen da.

Inflazio tasak munduan 2013ean.

Batzuetan, energia eta landu gabeko elikagaiak ez dira kontutan izaten inflazioa kalkulatzeko, gai horien prezioak oso ezegonkorrak izaten baitira. Izan ere, sektore hauek nazioarteko merkatuek prezioarengan eragiten duten gorabeherekiko eta eguraldi-baldintzekiko menpekotasun handia dute. Gai horiek baztertuz, kalkulatzen den inflazioari azpiko inflazioa deritzo.

Adibide bat, Alemaniako hiperinflazioaren ondorioak

Behean idatzita dagoen moduan eta azken parrafoan ondo azalduta dagoen moduan, inflazioaren ondorioak latzak izan ahal dira gizarte mailan:

Rhureko okupazioa arte, inflazio-politikaren kezka nagusia langabeziazen. Orduan, langabezia erruz hasi zen, eta naziotasun-izpirituaren berpizteak neurri batean haren ondorioak arindu bazituen ere, inflazioak inoiz baino indar handiagoa zuen (...).

Delitu txikiak, etsipenezko delituak, edonon gertatzen ziren (...). Alemaniako leku gehienetan, teilatuetako hodiak desagertzen hasi ziren, gauez. Gasolina ere autoen tanketatik atera egiten zuten, gomak baliatuz. Trukea bihurtu zen merkataritza modurik ohikoena, eta metalak nahiz erregaiak erabiltzen hasi ziren, ohiko dirutzat eta ordainketak egiteko. Zinemarako sarrera batek ikatz zati bat balio zuen. Botila bat petrolioarekin alkandora bat erosi zitekeen, eta alkandora batekin familia batek behar zituen patatak eros zitezkeen. 1922. urtean, Herr von der Ostenek hilean libera erdi bat gurin behar zuen bere lagun baten etxea ordaintzeko, probintziako hiriburuan; baina 1923ko udan, jada libera osoa ordaindu behar zuen. "Erdi Arora itzultzen ari ginen", esaten zuen Erma von Pustauk.

(...) Lapurretak izan zituzten merkatari batzuk ohartu ziren lapurrek eramandako diruzorro eta maletetako billeteak lurrean botata utzi zituztela.


A. Fergusson, "Dirua hiltzen denean. Weimarko Errepublikaren erorialdia", 1984.

Ikus, gainera

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Inflazio